Itxi

EAEko aurrekontuak

Eusko Jaurlaritzak 500 milioi euroko abal-linea berria jarriko du abian

N. B. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Programa autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei zuzenduta dago eta 2021ean jarriko da martxan. Azpiazuk 87,3 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak enpresa, enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei finantza-laguntza emateko 500 milioi euroko programa berri bat jarriko du martxan 2021ean.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak Eusko Jaurlaritzaren agerraldi sortari hasiera eman dio astelehen honetan, sail bakoitzeko aurrekontuak aurkezteko, eta esan du aurrekontu proiektuak neurri eta inbertsio "egokiak jasotzen dituela", koronabirusaren pandemiak eragindako egoera ekonomiko eta sanitario "gogorrari" aurre egiteko.

Horrela, Sailak dituen 87,3 milioi euroetatik, Elkargiren bitartez, enpresa, enpresa txiki eta ertainentzako eta autonomoentzako finantzaketa-lerroen kostuek eragindako gastuak estaltzeko erabiliko dituzten 32,4 milioi euroak nabarmendu ditu. Hala, sailburuak berretsi duenez, urtea hasi bezain laster, Jaurlaritzak autonomoentzako eta enpresa txiki eta ertainentzako 500 milioi euroko abalen programa berria jarriko du martxan.

Lerro berriaren baldintzak 8 urteko epeetan ezartzen dira (gabealdiko 2 eta amortizazioko 6), zero interes-tasarekin (interes-tasaren % 100 diruz laguntzen da) eta abalaren % 0,375eko komisioarekin (abalaren komisioaren % 50 diruz laguntzen da). Programa berriaren barruan ezartzen denez, 10.000 eta 25.000 euro arteko eskabideak azkarrago eta errazago izapidetu ahal izango dira.

2021eko programa berriaren onarpenean bertan, 2020ko programaren babesean formalizatutako eragiketa guztiek epeari dagozkion baldintzak aldatu ahal izango dituztela adieraziko da, gabealdia urtebetez luzatuz eta azken muga-eguna 3 urtez luzatuz, hau da, 1+4 izatetik 2+6 izatera igaro ahal izango dira.

Orain arte 2020ko programan sartu diren jarduera-sektore guztiek eska ditzakete laguntza. Aldaketa garrantzitsuenen artean hau nabarmentzen da: Hitzarmena duten eta Hartzekodunen konkurtsoan dauden eta ordainketetan egunean dauden enpresak ere programaren onuradun izan ahalko dira.

"Ziur nago apustu honek enpresei, enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei 2021. urteari berme finantzario handiagoekin aurre egiten lagunduko diela", adierazi du Azpiazuk.

Sailaren esku dauden bi Erakunde Autonomoei dagokienez, Azpiazuk azaldu duenez EUSTATek trantsizio-ekitaldi bati ekingo dio; izan ere, urteko estatistika-programaz gain, 2022ra arte ez da estatistika-planaren lege berria prestatzen hasiko. Bere autonomia funtzionala dela eta, Lehiaren Euskal Agintaritzak 2021erako planaren azalpena egingo du.

Finantzen Euskal Institutuak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailetik datozen Finkatuz funtserako kredituak berregituratu ditu, baina ez du haren helburuan aldaketarik planteatzen. Gainera, finantza tresnak berregituratzen jarraituko du, aurreko legegintzaldian egiten hasi zen bezala.

Akordiorako deia

Azpiazuk berretsi du Eusko Jaurlaritzak ez duela "babes berezirik behar" 2021eko aurrekontu proiektua Eusko Legebiltzarrean onartzeko, baina ez diola uko egiten EAJk eta PSE-EEk Legebiltzarrean duten gehiengo osoa bermatzen dioten babes gehigarriak lortzeari.

"Nire iritziz, aurrekontuei dagokienez ekitaldi erabakigarri baten aurrean gaude. Ekitaldi honetan arlo publikotik garapen ekonomikorako oinarri sendoak jartzen asmatzen badugu, dauzkagun baliabideak eta etor daitezkeen diru-sarrerak kontuan hartuta, argi eta garbi dago hobeto joango zaigula", azaldu du.

Hala, Eusko Jaurlaritzaren politika publikoen oinarrizko printzipioekin kontraesanean ez dauden eta positiboak diren zuzenketak aintzat hartuko direla ziurtatu du. "Beti bezala, politika egitea eskatzen dugu, Euskadirentzat erabakigarria den une honetan hori delako aurrera egiteko gakoa", gaineratu du.

 

Bideoak (1)