Itxi

LAN-GAZTAZKA

Tubacexek neurriak hartzen jarraituko du bideragarritasuna bermatzeko

A. S. | EITB Media

Leer en Castellano

18 milioi euroko galerak izan dira aurten TTIn (Amurrio) eta Aceralavan (Laudio), eta "sindikatuen jarrera arduragabea" kritikatu du Tubacexeko kontseilari delegatuak, negoziazioekin ez hasteagatik.

Tubacexek neurriak hartuko ditu galera handien aurrean. Artxiboko argazkia: Google Maps

Tubacexen Amurrioko eta Laudioko lantegien "etorkizuna babesteko beharrezkoak diren doitze neurri guztiak" aplikatzeko asmoa azaldu die enpresak euskal erakundeei, urte honetarako 18 milioi euroko "galera jasanezinen" aurrean.

Hodien fabrikatzaileak ohartarazi duenez, datozen bi urteetarako talde multinazionalaren aurreikuspenak "oso ezkorrak" dira, eta "sindikatuen jarrera arduragabea" kritikatu du, bi lantegien "bideragarritasuna bermatzeko" proposamenak ez negoziatzeagatik.

Jesus Esmoris Tubacexeko kontseilari delegatuak erabakiaren berri eman die EAEko erakundeetako ordezkariei, Arabako lantegietan fabrikatzaileak duen egoera azaltzen duen gutun batean, konpainiak "herrialdearen egitura ekonomiko eta sozialean betetzen duen paperaren jakitun".

Esmorisen hitzetan, azken hilabeteetan "sindikatuetako ordezkariek mobilizazio ugari egin dituzte enplegu galeraren aurka", eta lantegi horien bideragarritasuna bermatzeko Tubacexeko zuzendaritzak proposatutako neurriak "publikoki" baztertu dituzte, oso ahulduta dagoen merkatu batean".

Esmorisek gogorarazi duenez, "egoera kritiko" horren aurrean, Tubacexek "kostuak murrizteko asmo handiko plan bat" jarri zuen martxan aurtengo lehen hiruhilekoan, "TTI eta Aceralava Arabako lantegien jasangarritasuna irabazteko", bi lantegi horiek baitute talde osoko lan-kostu handienak.

Elkarrizketak

Neurri horiek gorabehera, 2020an izandako "galera handiek" 12 milioira igo dute murrizketa beharra, lantegiak irekita mantendu nahi badituzte. "Eskaeren sarrera asko murrizten ari da eta % 50 eta % 70 artean aplikatzen ari gara aldi baterako erregulazioak", esan du Tubacexeko kontseilari delegatuak.

Esmorisek adierazi duenez, "hilabete hauetan", sindikatuak ez dira euren proposamenak negoziatzen hasi, egungo aldi baterako erregukazioak nahikoak direlakoan, eta TTI eta Aceralavako zuzendaritzari 2021aren amaieratik aurrera edozein neurriren negoziazioari ekiteko deia egin diete, "horrekin guztiarekin galera-egoera bat luzatuz, orain jasanezina dena".

Albisteak (2)

Bideoak (1)