Azaroko datuak
Euskal ekonomiaren susperraldia mantsotu egin da turismoaren beherakadagatik
L.Z. | EiTB MEDIA
Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Termometroak 40,1 puntu eman dizkio azaroan euskal ekonomiari, 0 eta 150 arteko eskalan.
Euskal ekonomiaren susperraldia mantsotu egin da azaroan, covid-19aren kutsatzeek izandako gorakadarekin ondotik. Izan ere, pandemiak gogor jo du turismoaren sektorea, mugikortasunean ezarritako mugengatik, batez ere.
Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Termometroak 40,1 puntu eman dizkio azaroan euskal ekonomiari, 0 eta 150 arteko eskalan. Urrian, berriz, 40,9 puntu jaso zituen, eta irailean 41,6.
Irailera arte, bost hilabetez, goranzko joera hartu zuen euskal ekonomiak. Apirilean, aldiz, 27,5 puntutan kokatu zen, konfinamendua indarrean zegoenean, baina hilabetez hilabete gora egin du (29,4 maiatzean, 31,5 ekainean, 33,9 uztailean, 35,5 abuztuan eta 41,6 irailean). Urrian, halere, behera egin zuen berriro, bigarren olatuaren iritsierarekin, eta azaroan are datu okerragoa erakutsi du termometroak.
Osasun krisia hasi aurretik, 100 puntutik gora zituen Euskadik, alegia, hazkunde fasean zegoen.
Termometroaren arabera, lan merkatuarekin lotutako adierazleek, bereziki Gizarte Segurantzaren datuek, okerrera egin dute azken hilabetean, baita turismoaren datuek ere. Hoteletan asko jaitsi da bisitari kopurua eta aireportuetan mugimendu gutxi dago.
Zehazki, % 79,2 jaitsi dira hoteletako egonaldiak azaroan, eta % 90,3 aireportuetako bidaiak.
Kontrara, industriaren ekoizpena eta esportazioak hobera egiten ari dira.