Itxi

Osasuna

Osakidetzako lanpostuen % 95 egiturazkoak izatea eskatu du Satsek

L.Z. | EiTB MEDIA

Leer en Castellano

Bestalde, langile gehiago kontratatzeko beharra azpimarratu du sindikatu horrek, "Osakidetzako beharginak behin-behinekotasunaren orbana jasaten ari direlako".

Iragan astean osasun langileek Gasteizen egindako protesta. EFEren artxiboko irudia

Satse sindikatuak eskatu du Osakidetzako lanpostuen % 95 egiturazkoak izatea. Halaber, langile gehiago kontratatzeko beharra azpimarratu du.

Ohar batean, Satsek salatu du Osakidetzako beharginak behin-behinekotasunaren orbana jasaten ari direla. "Aldi baterako 4.034 kontratu daude, guztiak bi urtetik gorakoak", kritikatu du.

"Epe laburrean, horietako langile bakoitzari hainbat kontratu egiten dizkiote, txanda ezberdinekin eta, kasu askotan, zentro ezberdinetan", azaldu du aipatu sindikatuak astearte honetan argitaratutako oharrean.

Ildo horretan, argi utzi du urteak daramatzala borrokan osasun enplegu publikoa egonkortu dadin, baita lanpostu kopurua handitu dezaten ere, "langileek lan egoera ezegonkorra ez izateko".

"Osasun publikoan ez litzateke aldi baterako kontraturik egon beharko. Horretarako, lanpostu horiek egonkortuko dituzten prozesuak negoziatu beharko ditugu", adierazi du.

Satseren esanetan, 2020ko abenduaren 31ra arte 10.412 plaza geratu dira bete gabe; horietatik 5.376 egiturazko lanpostuei dagokie, 4.034 aldi baterako kontratatuta dauden eta beharrean bi urte baino gehiago daramatzaten langileei eta 1.002 iaz sortutako "lanpostu berriei".

Albisteak (3)