Itxi

Lana

Greba mugagabea deitu dute ITPren Barakaldoko eta Sestaoko lantegietan

I. G. | EITB Media

Leer en Castellano

Enpresak gaur eman du kaleratu nahi dituen 90 langileen izen-abizenen zerrenda, eta hori batzarra "ezegonkortzeko" estrategia gisa hartu du ELAk.

ITP Aero Casting enpresako langileen greba. Irudia: EFE

ITP Aero Casting enpresak Barakaldon eta Sestaon (PCB ohia) dituen lantegietako langileek greba mugagabea hastea erabaki dute, enpresako zuzendaritzak "kaleratu nahi dituen 90 langileen izen-abizenak" jakinarazi ostean, ELAk jakitera eman duenez.

Ohar batean, ELAk enpresako zuzendaritzak langileen batzar orokorra deitu zuen egunean bertan kaleratu nahi dituen 90 langileen zerrenda ezagutzera eman izana aurpegiratu du, langileek 24 orduko greba egin ostean, hurrengo mobilizazioak erabakitzeko.

"Babes ia osoarekin", batzarrak greba mugagabea deitzea erabaki du ITP taldeak Barakaldon eta Sestaon dituen lantegietan.

"Langileek inoiz baino indartsuago jarraitzen dute lanpostu guztiak babesten, eta haien esku dagoen guztia egingo dute multinazionalaren asmoei buelta emateko", gaineratu du ELAk.

Gogorarazi duenez, enpresak abenduan jakinarazi zuen 136 langilerentzako lan-erregulazioko espedientea aurkezteko asmoa zuela, eta hil horren 23an amaitu zen kontsultaldia, "akordiorik gabe".

Enpresak "kaleratu nahi dituen 90 langileen izen-abizenen zerrenda" eman dio enpresa-batzordeari (UGT, CCOO, LAB eta ELA), eta hori batzarra "ezegonkortzeko" enpresa-estrategia gisa hartu du ELAk.

Beste ohar batean, CCOOk enpresak "lan-erregulazioko espedientea negoziatzen hasi zenetik erakutsitako jarrera" salatu du, eta mobilizazioekin ez ezik, "bide judizialarekin" jarraituko duela enpresaren planen aurka egiteko eta kaltetutako lantegietan "enpleguaren bideragarritasuna" babesteko iragarri du.

Albisteak (2)