Itxi

KORONABIRUSA

Sordok ekonomia murriztearen alde egin du murrizketa larriagoak saihesteko

A. S. | EITB Media

Leer en Castellano

Idazkariaren esanetan, txertaketa funtsezkoa da nolabaiteko normaltasuna berreskuratzeko eta bigarren seihilekoan EAEko eta Estatu espainiarreko ekonomia hazteko.

Unai Sordo, CCOOko idazkari nagusia. Artxiboko irudia: EITB Media

Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak uste du nahitaezkoa dela ekonomia murriztea; izan ere, egiten ez bada, eta koronabirusak "hirugarren olatu bat eragiten badu", "ekonomian murrizketa askoz larriagoa gertatuko da, eta itxura guztia du hori gertatuko dela". Gainera, azpimarratu duenez, lehen txertaketa aldi hau funtsezkoa da normaltasuna berreskuratzeko eta 2021eko bigarren hiruhilekoan EAEko eta Estatu espainiarreko ekonomiak gora egiteko.

Onda Vascan egindako elkarrizketa batean, Sordok esan du osasuna eta ekonomia bateratu behar direla, eta onartu du sektore batzuk "izugarri sufritzen" ari direla neurri murriztaileekin, hala nola ostalaritza, merkataritza eta garraioa. "Baina kutsatzeko kopuruan gorakada handia dagoen bakoitzean, egoerak okerrera egiten du", azpimarratu du.

Hori dela eta, "beharrezkoak diren prebentzio neurri guztiak" ezarri eta "datozen hilabeteetan txertoek eman behar duten immunitate kolektiboa hori garatzearen alde" egin du. Dena dela, etorkizunean etor litezkeen agertoki ezberdinetarako ere prestatzen joateko deia egin du.

"Ez dut zoritxarrik iragarri nahi, baina birusa aldatu egiten da eta baliteke txertoei eta immunitateei izkin egitea. Nolanahi ere, nire ustez, lehen txertaketa kanpaina hau funtsezkoa da eguneroko bizimoduan nolabaiteko normaltasuna berreskuratzeko, eta horrek EAEko eta Espainiako Estatuko ekonomiaren gorakada handia ekarriko du urtearen bigarren zatian", gaineratu du.

Albisteak (2)