2020ko datuak
Covid-19aren eraginez, EAEko ekonomiak % 9,5 egin du behera eta enpleguak, % 8,1
E. G. | EITB MEDIA
Azpiazuk 2020ko datuen balorazioa egin, eta 2021erako aurreikuspenen berri eman du: % 8,6 haziko da ekonomia, esperotakoa baino hiru hamarren gutxiago.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Koronabirusak eragindako osasun krisiak krisi ekonomikoa eragin duela gauza jakina da, eta datuek berretsi egin dute. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordinak (BPG) % 9,5 egin zuen behera 2020an, betiere aurreko urteko datuekin alderatuta. Enpleguak ere atzera egin zuen iaz, % 8,1, hain zuzen.
Eustat Euskal Estatistika Institutuak Hiruhileroko Kontuen Aurrerapena argitaratu du gaur. Datuok Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenak baino baikorragoak dira. Izan ere, ekonomia % 10,1 eta enplegua % 8,9 jaitsiko zela aurreikusi zuen Urkulluren gobernuak.
Eustaten arabera, "covid-19aren eraginez eratorritako osasun-krisiak markatu du" 2020ko BPGaren balantzea. 2020a % 9,5eko murrizketarekin itxi zen. Horrela, "2014tik aurrera ikusitako BPGaren urteko hazkunde iraunkorrerako joera eten zen aparteko atzerakada horrekin, zeinek, adibidez, 2009an ikusitako BPGaren % 4,1eko jaitsiera aise bikoizten baitu".
Era berean, 2020 osoko enplegua, dedikazio osoko baliokidetzako lanpostu gisa neurtuta, % 8,1 murriztu zen, aurreko urteko datuekin alderatuta.
Ingurumari horretan, Eustatek argitu du Kontuen Europako Sistemak (SEC) lanpostuen definiziotik kanpo uzten dituela aldi baterako lan egiten ez duten baina beren lanpostuarekin lotura formala duten pertsonak, lanera itzultzeko datari buruzko berme edo akordio batekin, Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedienteen kasuan gertatzen den bezala.
Laugarren hiruhilekoaren datuak
2020ko laugarren hiruhilekoaren datuei erreparatuta, BPGak aurreko epeetako beheranzko joerari eutsi zion eta urte arteko jaitsiera % 7,6ra iritsi zen.
Urte arteko atzerakada hori 2020ko hirugarren hiruhilekorako aurreikusitakoa baino hamarren bat handiagoa da, urtaro- eta egutegi-ondorioak atera ondoren.
Enplegua, dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuetan neurtua, % 6,3 jaitsi zen aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, aurreko hiruhilekoan zenbatetsitako urte arteko jaitsiera baino hamarren bat gehiago. Hiruhileko artean, ordea, enpleguak ia ez zuen aldaketarik izan.
Eustatek martxoaren 5ean argitaratuko ditu Hiruhileroko Kontuetan BPGaren eta enpleguaren behin betiko datuak. Izan ere, aurrerapen hau egiteko orduan eskuragarri izan ez den informazio koiunturala izango du eskura.
Azpiazuren balorazioa eta 2021erako aurreikuspenak
Azpiazu, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: Irekia
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak prentsaurrekoa eskaini du gaur Gasteizen Eustatek emandako Hiruhileroko Kontuen Aurrerapena baloratzeko. Bertan azaldu duenez, Jaurlaritzaren aurreikuspena hobetu dituzte datuok, eta "aurreikusitakoa baino hirugarren eta laugarren hiruhileko hobeak erregistratu" direlako izan da.
2021ari begira, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzaren aurreikuspenek diote "errebotea zertxobait txikiagoa" izango dela, % 8,6koa, hau da, iragarritakoa baino hiru hamarren txikiagoa. Enpleguari dagokionez, 2020an 25.700 pertsona gutxiago aritu dira lanean (aurreko aurreikuspenetan baino 4.300 gutxiago), eta 2021ean 15.700 gehiago izango dira. Aurten langabezia tasa % 9,8koa izango dela aurreratu du Azpiazuk.
Sailburuaren esanetan, "pentsatzekoa da euskal industriaren ekoizpenak eta esportazioek atzean utzi dituztela udaberriaren eta udaren beherakada handiak, eta urtetik urterako hazkunde-posizioetara hurbiltzen ari direla".
"Historikoki, euskal ekonomiak ere susperraldi-eredu horri jarraitu dio atzeraldi-faseetan aurkitu denean: kanpo-sektoreak tira egiten dio euskal industriari, hari lotutako zerbitzuak erakartzen baititu, enplegua handitzen du eta horrek ondasunen eta zerbitzuen eskaria areagotzen du, hori guztia hobekuntzen zirkulu bertutetsu batean", azaldu du.