Iñaki Garcinuño
"Lan erregulazio espedienteetako kaleratzeak bidegabetzat hartzea gogorregia da"
EITB Media
Cebekeko presidentearentzat "albiste txarra" da aldi baterako lan erregulazio espedienteen luzatzean lanera itzuli eta hurrengo sei hilabeteetan kaleratzeak egiteko debekua mantentzea.
Iñaki Garcinuño Bizkaiko Enpresarien Konfederazioko presidentearen ustez, "interesgarriak" eta "albiste on bat" dira aurki Eusko Legebiltzarrean onartuko diren Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuak. Espainiako Gobernuaren, sindikatuen eta patronalaren arteko akordioaz galdetuta –aldi baterako lan erregulazio espedienteak maiatzaren 31ra arte luzatuko dituzte– Garcinuñok esan du, Radio Euskadiko Boulevard saioan, "EEE egoeran dagoen langile bat kaleratzeagatik, EEErik gabeko beste bi enpresaren laguntza itzuli behar da: berriz planteatu beharreko kontua da, eta azalpen bat eskatu dugu". Garcinuñorentzat, "kaleratze guztiak bidegabetzat hartzea neurri gogorregia da". Erreminta "garestia baina garrantzitsua da, baina Cebekentzat, "batzuetan langileak murriztea aukera bakarra da". Cebekeko presidenteak uste du "albiste txarra" dela aldi baterako lan erregulazioko espedienteen luzatzean lanera itzuli eta hurrengo sei hilabeteetan kaleratzeak egiteko debekua mantentzea.
"Beste albiste txar bat", esan du Garcinuñok. "Oraindik hilabete negatibo asko geratzen zaizkigu", aurreratu du Cebekeko presidenteak, "elkar elikatzen duten gelditzeko dinamikengatik". Azpimarratu duenez, "osasunak dauka lehentasuna", eta 2021eko aurreikuspen ekonomikoak "txertaketaren erritmoaren araberakoak" izango dira. Enpresarien buruarentzat "ez dago aktibitatearen erabateko jaitsiera honi eutsi ahal dion diru laguntza publiko nahikorik". Garcinuñoren ustez, "likidezia behar izatetik kaudimen faltara igaro gara, hilabeteen zehar diru sarrerak jaisten egon direlako, eta hori ez da konpontzen kanpoko injekzio ekonomiko batekin". 2020an EAEn 1.400 enpresa itxi direla esan du. "Enpresa ez dugu jezteko behi bat bezala ikusi behar, baizik eta gurdiari tira egiten dion zaldia bezala", esan du.
ELA sindikatuko idazkari nagusiari eskatu dio Petronorren ekarpen fiskalari buruzko datuak erakutsi ditzan, "bere mezua demagogikoa den ikusteko". Cebekentzat, Petronorrek eta beste enpresa handi batzuek "Bizkaiko aurrekontuen zati handi bat eusten dute". Sozietateen zergei dagokienez, Garcinuñok azpimarratu du hobariak beti "enpleguaren, ingurumen neurrien eta inbertsioari lotutako dedukzioen araberakoak dira".