Itxi

Greba

Zaintza arloko langileek zerbitzu publiko eta lan-baldintza duinak eskatu dituzte

AGENTZIAK | EiTB MEDIA

Leer en Castellano

ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, langileek grebara jo dute zaintza arloa duintzea aldarrikatzeko eta sektoreak bizi duen prekarietatea salatzeko.

Zaintza sektoreko langileen manifestazioa Bilbon. Argazkia: EFE

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zaintza arloko langileek greba egin dute astearte honetan, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta. Lan-baldintzak eta ordainsariak hobetzea eta zaintza zerbitzua duintzea eta publiko egitea eskatzen dute, zerbitzu unibertsala eta doanekoa izan dadin.   

Eguerdian, Bilbon, Donostian eta Gasteizen egin dituzte manifestazioak. Satse eta CNT sindikatuek ere bat egin dute deialdiarekin, eta hainbat elkarteren babesa jaso dute: erresidentzietako egoiliarren senideen elkarteak, pentsiodunen plataformak edota talde feministak izan dira mobilizazioetan.

Zaintza duintzeko eta zerbitzuari ikusgarritasuna emateko aldarrikatu dute, sektore feminizatua eta prekarioa dela salatuta. Halaber, pandemia hasi zenetik erresidentzietan zer gertatu den argitzeko ikerketak eta auditoriak abiatzeko galdegin dute, eta administrazioari zaintza sektorearen egungo ereduari buruzko eztabaida bat ireki dezala exijitu diote.  

Horrez gain, greba honen harira Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen zerbitzu minimoak gehiegizkoak izan direla eta, ondorioz, jarraipena zenbatekoa izan den jakitea "oso zaila" dela salatu dute.  

Bilboko manifestazioa hasi aurretik, Mitxel Lakuntza ELA sindikatu idazkari nagusiak esan du egungo zaintza zerbitzuaren ereduak porrot egin duela eta premiazkoa dela "etekin ekonomikoen aurretik pertsonak erdigunean izango dituen eredu publikoa" ezartzea.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuak zaintza sektorean izandako hutsegiteak ikertu beharko liratekeela adierazi du, "akatsak berriro gerta ez daitezen eta negozioan oinarrituta dagoen egungo eredua aldatu dezaten".  

Egungo ereduarekin langileen nahiz egoitzetan bizi diren adinekoen baldintzak duinak ez direla ohartarazi du, koronabirusarekin ehunka egoiliar hil direla eta milaka langile kutsatu direla gogoratuta.   

"Publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana gezurra da. Lantaldeak txikiak dira, ratioak gehiegizkoak eta lan-zama jasanezina. Eta horrela ezinezkoa da erabiltzaileei behar duten arreta eskaintzea", erantsi du.  

Pandemia hasieratik baliabideak eta babeserako ekipoak falta direla ere salatu du eta, beraz, langileen eta erabiltzaileen osasuna arriskuan jarri dutela salatu du. "Lan-taldeak murrizten dituzte, langileei baldintzak okertzen dizkiete eta hau guztia enpresen mesedetan egiten dute", berretsi du.  

Sektore feminizatua eta prekarioa

Manifestazioa amaitu eta gero, Garbiñe Aranburu (LAB), Loli Garcia (CCOO) eta Raul Arza (UGT) ordezkari sindikalek hitz egin dute.

Loli Garciak azpimarratu du zaintza sektorean emakumeak direla gehiengoa eta Euskadin zerbitzu hori eskaintzen duten enpresa gehienak pribatuak direla. "Baliabideak gaizki kudeatu dira eta horrek prekarietatea eragin du", gaineratu du.

Garbiñe Aranburu LAB sindikatu idazkari nagusiak esan du zaintzari lotutako lanak "funtsezkoak" direla eta "zaintza sektorea zaintzeko" deia egin du.

Langileen baldintzak eta ordainsariak hobetzea premiazkoa dela adierazi du eta zerbitzu horrekin "negozioa egiten" ari direla salatu du. Hala, zaintza sistema publikoa izan beharko litzatekeela eta eredu horren inguruan eztabaida bat abiatu beharko litzatekeela erantsi du. Eztabaida horretan langileek, erabiltzaileek eta haien senideek parte hartu beharko luketela iritzi dio.

Raul Arza UGT Euskadiko idazkari nagusiak zaintza sektoreko eragile ezberdinekin itun soziala adostea proposatu du eta pandemia garaian zahar-etxeetan gertatutako guztia argitzea ezinbestekotzat jo du.  

Bestalde, Andrea Uña pentsiodunen mugimenduko ordezkariak esan du adinekoen egoitzetan egoera gero eta okerragoa dela erakusteko asmoz egin dutela bat gaurko mobilizazioarekin.

 

 

Albisteak (1)