Bizkaia eta Gipuzkoa
Berdelaren iazko kuotaren % 65 harrapatu ahal izango dute arrantzaleek
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Txitxarroaren, bakaladaren, arraiaren eta bisiguaren kasuan, berriz, 2020ko kuotaren % 25 arrantzatu ahal izango dute.
Espainiako Gobernuak urteko lehen hiruhilekorako arrantza kuoten behin-behineko araudia argitaratu du. Oro har, iazko kuotaren % 25 harrapatu ahal izango dute arrantzaleek. Azken Ministro Kontseilua egin zenean, oraindik bukatu gabe zuten brexitari buruzko negoziazioa.
Arrasteko eta inguraketa-sareekin egindako arrantzan aritzen ez diren arrantzontziek, baina, berdelaren iazko kuotaren % 65 harrapatu ahal izango dute lehen hiruhileko honetan, baldin eta portua Gipuzkoan edo Bizkaian badute.
Horixe da, hain zuzen, Estatuko Aldizkari Ofizialean astelehen honetan argitaratu dutena, nahiz eta salbuespen batzuk jaso dituzten.
Zehazki, Portugalen arrantzan aritzen diren Kantauri ipar-mendebaldeko arrantzontzientzat % 25ekoa da kuota txitxarroaren eta bakaladaren kasuan.
Berdelaren kuota, ordea, % 65ekoa da, urtaro zehatz bateko arrantza delako, urte hasierako lehen hilabeteetakoa hain zuzen ere.
Aitzitik, arraiaren kasuan ere % 25ean ezarri dute kuota, 368 tona harrapatu arte. Bisiguari ere kuota bera dagokio.
Bukatzeko, sable-arrain beltzak behin betiko kuota du dagoeneko: 2021ean eta 2022an, urteko 7 tona harrapatu ahal zango dituzte arrantzaleek.