GARRAIOA
Euskotrenek lau tren egiteko kontratua esleitu dio CAFi
EITB MEDIA
Hitzarmena ia 32 milioi euroren truke sinatu dute eta datozen bi urteetan eman beharko dira unitate berriak.
Euskotrenek lau tren berri egiteko kontratua esleitu dio CAF enpresari, ia 32 milioi euroren truke. Datozen bi urteetan eman beharko dira unitate berriak, eta, besteak beste, kirol, kultur eta jai ekitaldietarako zerbitzu erregularretan eta berezietan eskaintza zabaltzeko ahalmen handiagoa emango diote garraio operadoreari.
Euskotrenek jakitera eman duenez, CAFek jaso du lau trenak egiteko mandatua 31.954.528 euroren truke eta bi urte izango ditu horiek egiteko. Unitate berriek launa kotxe izango dituzte, egun Euskotrenek kudeatzen dituen lineetan dabiltzan 950 serieko unitateen antzeko ezaugarriekin.
Gainera, unitateak behar bezala mantentzen direla bermatzeko, CAFek beharrezkoak diren parke piezak ere hornituko ditu; gehienez ere zortzi milioi euroko kostua izango dute.
Tren berriak bi urte barru martxan izango direla eta eskaria handitzen lagunduko dutela azpimarratu dute. Horri esker, Topoa zabaltzeko lanak amaitu eta ibilbide berri bat egingo dute, Amarako egungo geltokiak eta Donostiako hiru geltoki berrik eragiten duten zaku hondoa ezabatuko da.
Tren berriak
Lau trenen fabrikazioa Euskotrenek 2011n hasi zuen material mugikorra modernizatzeko prozesuaren barruan kokatzen da. Prozesu hori EMUS Serie 900 martxan jarrita hasi zen eta EMUS Serie 950rekin osatu da; aurrekoekin alderatuta, hobekuntzak ditu, batez ere irisgarritasunari dagokionez.
Eskatu berri dituzten lau trenak azken seriearen antzeko ezaugarriak izango dituzte. Izan ere, adierazitakoaren arabera, helburuetako bat da unitateen teknologia eta segurtasun prestazioetan etengabeko hobekuntzak sartzea, eta, aldi berean, barneko eta kanpoko diseinuan ibilgailu guztien homogeneotasun sentsazioa eskaintzen den bitartean.
Alde nagusia trenen edukiera izango da. Tren bakoitzak lau kotxe izango ditu, ez hiru, orain artekoek bezala, eta gutxienez 385 lagunentzako edukiera izango dute; horien % 30 eserita joan ahalko dira.
Era berean, material mugikorrak irisgarritasun unibertsalaren arloan indarrean dagoen legeria beteko du, oinarrizko ezaugarri hauekin: kontraste kromatikoa, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat erreserbatutako espazioak, sarbide plazan argi oharra arrapala automatikoarekin, arrapala gidariaren postutik irekitzeko aukera, soinua aktibatzeko sistemak eta zoru irristagaitzak.