''Brexit''
Tapiak Erresuma Batuarekin lanean jarraitzeko eskatu die EAEko enpresei
N.B. | EITB MEDIA
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak EAEko enpresentzat eta ekonomiarentzat merkatu britainiarra lehentasunezkoa dela adierazi du, euskal enpresen ordezkariekin egindako jardunaldi batean.
Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuak Erresuma Batuarekin lan egiten jarraitzeko deia egin die EAEko enpresei, nahiz eta brexitaren akordioak "zalantzak" edo "ertzak" izan, eta burokrazia gehiago egongo dela onartu du.
Tapiak jardunaldi tekniko bat ireki du Zamudion (Bizkaia), SPRIk antolatuta, brexitak euskal enpresentzat dituen ondorioei buruz. 250 enpresa-ordezkarik jarraitu dute topaketa digitala.
Erresuma Batua da Euskadik gehien esportatzen duen hirugarren herrialdea, merkatu horretan 400 bat euskal enpresek saltzen baitute.
EAEko 69 enpresa daude Erresuma Batuan eta 40 bat enpresa britainiar daude Euskadin. Esportazioen erdia automobilena, trenbide-sektorearena eta bestelako ekipamendu-ondasunena da.
Sailburuak adierazi duenez, lortutako akordioa "Europar Batasunaren arrakasta bat da; 27ak bat eginda mantendu dira, jarrera irmoarekin eta arrakalarik gabe".
Tokian-tokian, Euskadi eta Erresuma Batua "beti elkartuta egon direla" gogorarazi du sailburuak: "Gure lankide komertzial nagusietako bat da".
"Enpresek Erresuma Batuarekin negozioak egiten jarraituko duzue, zalantzarik gabe, burokrazia apur bat zailago batekin. Orain esparru berri horretara egokitzeko eta lotura ekonomikoak are gehiago indartzeko lana geratzen da", esan du.
Lan horretan, "Jaurlaritzak lagundu egin nahi dizue, harreman horien bideratzaile gisa. Gustatuko litzaidake enpresak bazkide eta lagun izatea, euskal enpresei etapa berri honetan laguntzeko konpromiso sendoa baitu Eusko Jaurlaritzak".
Pablo Fano Nazioartekotzeko Euskal Agentziak Londresen duen bulegoaren arduradunak egin ditu xehetasun teknikoak, aduanetatik hasi eta fiskalitateraino.
Fanok nabarmendu duenez, brexitaren akordioak Europar Batasunean jatorria duten merkantzien muga-zergak ordaintzetik salbuesten ditu, baina euskal enpresak esportatzaileen erregistroan izena emanda egotera behartzen ditu.
Ziurtagiriei dagokienez, Britainia Handia osatzen duten herrialdeek (Ingalaterra, Gales eta Eskozia) CE marka erabiltzeari utzi diote, nahiz eta aurtengo lehen seihilekoan modu iragankorrean mantendu.
Fanok esan du Ipar Irlandak de facto funtzionatuko duela Europako merkatu gisa. "Orain dagoen bezala jarraitzen du", baina euskal enpresei "arreta berezia" jartzeko eskatu die, brexitaren akordioan "oso gai delikatua baita".