Itxi

Zaldibarko zabortegia

Joaquin Beltran aurkitzeko "itxaropen irmoa" mantentzen du Eusko Jaurlaritzak

E. L | EiTB Media

Leer en Castellano

Orain bilaketa lanak B1B eta B1C eremuetan murgilduko dira. Bilatzeari uzten diotenean, hondakin gehiago botako ez dituztela eta zabortegia "behin betiko itxiko" dutela azpimarratu du Tapiak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eitzagako (Zaldibar) zabortegian luizia gertatu zenetik urtebete pasa denean, Joaquin Beltran langilearen gorpuzkiak aurkitzeko "itxaropen irmoa" mantentzen dutela ziurtatu du Josu Erkoreka Segurtasun sailburu eta lehendakariordeak.

Behargina topatzea beste agertokirik ez du aztertzen Jaurlaritzak, azaldu duenez. Bestalde, gaurtik aurrera bilaketan fase berri bat hasten dela jakitera eman du lehendakariordeak.

Dagoeneko 525 000 metro kubiko zabor hondeatu dituztela adierazi du Exekutiboak, horietatik 372 038 arrastelatu eta galbahetu dituztelarik. Orain bilaketa lanak B1B eta B1C eremuetan murgilduko dira, "toki horietan topatzeko itxaropen irmoarekin".

Erkorekak eta Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak zonaldea bisitatu dute, egoeraren berri izateko eta bilaketa prozesua bertatik bertara ikusteko.

Bilatzeari uzten diotenean, hondakin gehiago botako ez dituztela eta zabortegia "behin betiko itxiko" dutela azpimarratu du Tapiak.

Nabarmendu duenez, nahiz eta martxoan alarma egoera ezarri, zabortegian lanak Gabon-gauan, Eguberrian, Urtezahar-gauan eta Urteberri-egunean bakarrik eten zituzten, baita iraileko egun batean ere, euri-jasa bortitzen ondorioz.

B1B eta B1C eremuak

B4S zonaldean bilaketa arrakastarik gabe amaitu da, eta orain B1B eta B1C zonaldeetan hasiko dira lanean. "Bilaketa beroa" martxo hasieran aurrera eramatea espero dute, "toki horietan aurkitzeko itxaropen irmoarekin".

Horrela, lehentasuna B1B lursaila da. Zabortegiko kamioiak garbitzeko putzua bertan zegoen, eta Beltran han egon daitekeela uste dute adituek, desagertutako langilea Alberto Sololuze zegoen zonaldera mugitu baldin bazen.

Josu Erkoreka eta Arantxa Tapia sailburuak Zaldibarko zabortegian. Argazkia: EFE

Era berean, B4S zonalde garaiko beste leku batean bilatzeko gomendioa eman dute adituek, Josu Erkoreka lehendakariordeak iragarri duenez. Horregatik, martxoan abiatuko diren lanek emaitzarik ematen ez baldin badute, B4Sn hasiko dira lanean, apirilean.

"Zailtasun guztiak gainditu eta Alberto Sololuzeren familiari haren gorpuzkiak ematea lortu genuen. Joaquinen familiarekin gauza bera egitea oso garrantzitsua da, sosegua aurki dezaten", esan du Erkorekak. "Gobernuaren lehentasuna" izaten jarraitzen duela azpimarratu du.

Aditu geoteknikoen txostena

Geoteknia adituen bi lantalderi txostena egiteko eskatu zien Jaurlaritzak, luizia zergatik gertatu zen argitzeko. Txotena Fiskaltzaren esku jarri dutela iragarri du Tapiak. Zabortegiaren eraikuntza moduan eta iragazgaiztean "arreta jarri" du txostenak.

Bestalde, Luiziaren ostean, 2002an Verter Recyclingi emandako ingurumen baimenaren inguruko kanpo auditoria bat egitea eskatu zutela gogorarazi du Tapiak. Hondakin ez arriskutsuak ustiatzeko baimena eman zioten zabortegiari.

"Legedia bete da, Zabortegi eta Industria Isurketen Europako zuzentarauen arabera", zehaztu zuen dokumentuak.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Saileko Ikuskaritzak egindako kontrolek Europako zuzentarauak bete zituztela ebatzi zuen agiriak.

Orain 'Zaldibar (Bizkaia)- Hausturaren arrazoien inguruko txostena' Fiskaltzaren esku utzi dute, abiatutako prozesu judizialean informazio gehiago izateko.

Albisteak (6)

Bideoak (1)