koronabirusa
Gune gorrian dauden taberna eta jatetxeak zabaltzeko baimena eman du Auzitegiak
E. G. | EITB MEDIA
Ostalarien elkarteek aurkeztutako helegitea aintzat hartu du Auzitegiak, uste baitu indarrean dauden neurriekin ostalaritza ez dela "osasun publikoarentzat bereziki arriskutsua".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak onartu egin du ostalariek jarritako helegitea, eta gune gorrian dauden taberna eta jatetxeak gaurtik aurrera berriz zabaltzeko baimena eman du.
Covid-19aren intzidentzia handia zuten udalerrietan ostalaritza ixteko erabakiaren kontra egin zuten Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ostalarien elkarteek. Kautelazko neurri gisa, eta auziaren muina aztertu bitartean, neurria bertan behera uzteko eskatu zioten Administrazioarekiko Auzien Salari. Eskaera hori aintzat hartzea ebatzi du, horrenbestez, justiziak. Eusko Jaurlaritzak bost eguneko epea dauka helegitea aurkezteko.
Auzitegiaren aburuz, edukiera-mugekin eta indarrean dauden osasun-neurriekin, "ez dirudi ostalaritza osasun publikoarentzat bereziki arriskutsua denik".
Ostalaritzako elkarteek argudiatu zuten abenduaren 10eko dekretuan ezarritako segurtasun-neurriak beteta "birusaren transmisioa saihesten" dela; beraz, gune gorrian dauden udalerrietako tabernak eta jatetxeak ixtea ahalbidetzen duen dekretua –urtarrilaren 22koa– bertan behera uztea eskatu zuten.
Areago, Eusko Jaurlaritzaren erabaki hori "neurrigabea" eta "justifikaziorik gabea" zela salatu zuten, sektorean ondorio larriak izango dituela eta negozio asko betirako ixtea eragingo duela ohartarazita.
Aitzitik, Eusko Jaurlaritzak kautelazko neurri hori atzera bota zezala eskatu zion epaimahaiari, koronabirusaren hedapena gelditzeko ostalaritza itxita mantentzea ezinbestekoa dela eta LABIren aholku-batzordeak hala gomendatu zuela azpimarratuta.
Irekiera baimendu badiete ere, ostalaritza-establezimenduek beste zenbait murrizketa bete beharko dituzte, hala nola 20:00etatik 06:00etara bitartean itxita egotea, edukiera % 50ekoa izatea, pertsonen artean metro eta erdiko distantzia gordetzea eta gehienez lau pertsona biltzea mahai baten inguruan. Halaber, zutunik edo barran kontsumitzeak debekatuta egoten jarraitzen du.
BIDEOA | Biurrun: 'Epaiak dio ez dagoela frogatuta kasuen gorakada ostalaritzagatik izan denik'
Epaileek bere egin dituzte ostalaritzaren argudioak
Epaimahaiak onartzen du eremu gorrian dauden ostalaritza-establezimenduei "kalte ekonomiko larria" egiten zaiela, itxita dauden bitartean diru-sarrerarik ez dutelako.
"Oso zaila da behin betiko itxi behar izan duten negozioei konponbide bat ematea, etorkizunean kalte-ordaina jasoko balute ere, ez direlako lehengora itzuliko", erantsi du.
Horrez gain, ebazpenean Eusko Jaurlaritzak otsailaren 3an argitaratu zuten txostenaren datuak aztertzen ditu. Dokumentu horren arabera, 2020ko abenduaren 27an hasi zen igotzen kutsatzeen tasa eta ondoren jaitsiera txiki bat izan zen, "baina, ordurako, ostalaritzak 15 egun zeramatzan irekita, zenbait murrizketarekin".
Denbora tarte handia ez bada ere, koarentenako 10 egunak eta intzidentzia-tasa metatua kalkulatzeko 14 egunak hartzen ditu kontuan, eta epe horretan kutsatze kopuruak gora egin ez zuela ikus daiteke.
Areago, epaimahaiak dio agiri horretako datu epidemiologikoak kontuan hartuta, kutsatzeen gorakada (% 80) Gabonetako jaiegunetan izan ziren familia eta lagun arteko topaketekin lotuta dagoela.
Horrenbestez, "ezin daiteke argi eta garbi esan Gabonen ostean izandako positiboen gorakada tabernen irekieraren ondorioa denik", azpimarratu du.
Gauzak horrela, epaimahaiak ondorioztatu du une honetan ostalaritza irekita egoteak ez duela osasun publikoa arriskuan jartzen, eta, beraz, eremuko gorriko udalerrietan dauden tabernak eta jatetxeak itxita mantentzeko agindua bertan behera uztea erabaki du, aurrez ezarritako segurtasun-neurriak zorrotz bete behar dituztela nabarmenduta.
BIDEOA | Ez da ostalaritza irekitzeko unea, adituen iritziz
Ostalariak: "Justizia egin dute"
Euskal Autonomia Erkidegoko ostalarien elkarteek Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakia txalotu dute, baina, aldi erean, sektoreak erreskate plan bat behar duela aldarrikatu dute, hilabete luze hauetan izandako galerei aurre egin ahal izateko.
Legebiltzarrean egindako agerraldian, Hector Sanchez Bizkaiko Ostalarien Elkarteko kudeatzaileak nabarmendu du Auzitegiaren erabakia "albiste ona" dela eta "justizia egin" dutela.
Halaber, deitoratu egin du murrizketen afera "epaitegietara eraman behar izana". Horren ustez, "adostasunaren eta sen onaren bidez konpon zitekeen. Batzuetan hori falta zaie hartzen dituzten neurri batzuei".
Edonola ere, Sanchezek arduraz jokatzeko eta segurtasun neurriak zorrotz betetzeko deia egin die ostalariei nahiz bezeroei, "osasunik gabe ez dagoelako ezer".
Eusko Jaurlaritza: "Erabaki oso larria da"
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak salatu du "oso larria" dela EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrisku epidemiologikoa baloratzea. Azpimarratu du adituak direla neurriak proposatzen dituztenak, "aurreko olatuetako esperientzian oinarrituta", eta "emaitzak egiaztatzen" ari direla.
Auzitegiak gune gorrietan ostalaritza irekitzeko baimena eman eta ordu batzuetara Bilbon eskainitako prentsaurrekoan, Bingen Zupiria Jaurlaritzaren bozeramaileak agiri bat irakurri du autoari erantzuteko.
Adierazpen horretan, Jaurlaritzak kritikatu du "tresna bat gutxiago" izango dutela pandemiaren "arriskua"ri aurre egiteko, eta are gehiago "inauteri garaia" izanda.
Hori dela eta, "ardurarako deia" egin du, "arrisku handiko" egoera delako: "Izan gaitezen solidarioak osasun pertsonala eta kolektiboa zaintzen".
Era berean, neurri guztiak "adituz osatutako LABIko batzorde teknikoak eta Osakidetzako eta Osasun Saileko profesionalek" egindako proposamenak jarraituz hartu dituztela azpimarratu du. Ostegunean bilduko da LABI, eta ostiralean iragarriko ditu Jaurlaritzak neurriak.
Autoaren aurka helegitea aurkezteko aukeraz galdetuta, Zupiriak erantzun du zerbitzu juridikoek aztertuko dutela ea autoak "pandemiari aurre egiteko eskumenetan eragina izango ote duen". Dena den, argi adierazi du erabakia "errespetatzen" dutela, baina ez datozela bat.
BIDEOA | Bizkaiko ostalarien elkarretaratzea EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean