Itxi

LAN-GATAZKA

Hiru pertsona atxilotu dituzte Laudion Tubacexen egindako protesta batean

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Leer en Castellano

Gainera, 13 ertzain zauritu dira istiluetan. Atxilotutako hirurak aske geratu dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Hiru pertsona atxilotu eta sei identifikatu dituzte, Ertzaintzarekin izandako istilu batzuetan parte hartzea egotzita, Laudioko Tubacex lantegiko langileen kontzentrazio batean. 150 langileri eragin diezaiekeen kaleratze prozesu batean murgilduta dago enpresa. 13 ertzain zauritu dira istiluetan.

07:30 aldera hasi da ika-mika, greban ez dauden langileak zeramatzan autobusak lantegira iritsi direnean. Ertzaintzak baztertzeko eskatu die manifestariei, instalazioetara sartu ahal izateko.

Une horretan, 200 bat lagun zeuden Tubacex lantegiko zuzendaritzak iragarritako kaleratzeen aurkako elkarretaratzean. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, mobilizazioak 05:00etan hasi dira.

Ertzainen argibideei muzin egin, eta bertan zeuden pertsona batzuek petardoak jaurti dituzte. Orduan, Ertzaintzak istiluen aurkako materiala erabili du autobusei pasatzen uzteko. Agenteek bi pertsona atxilotu dituzte agintaritzaren aurkako atentatua egotzita, eta beste sei ikertzen ari dira. Arratsaldean, hirugarren pertsona bat atxilotu dute.

Hirugarren atxiloketa 16:00ak aldera egin dute. Izan ere, goizeko istiluen antzerakoak sortu dira greba mugagabean ez dauden langileak zeramatzan autobusa irtetera zihoanean. Bi ertzain zauritu dira. Hiru atxilotutakoak aske geratu dira arratsaldeak aurrera egin ahala.

Gainera, istiluen ondorioz, 13 ertzain zauritu dira, eta osasun-zentroan artatu behar izan dituzte, baina ez dituzte ospitalera eraman behar izan.

Zuzendaritzak eta batzordeak bilera dute astearte honetan; izan ere, Tubacexen erregulazioak 150 langileri eragingo die, eta aldi baterakoak guztiei.

CCOO Euskadik "neurriz kanpoko"tzat jo du Ertzaintzaren portaera Tubacexeko langileek egin duten mobilizazio "baketsua"ren aurrean.

Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, "gaurkoan, besten behin ere, Ertzaintzak neurriz kanpoko errepresioa erabili du elkarretaratze baketsu baten aurrean", eta "enpleguaren defentsa besterik bilatzen ez duten lan protesta" baten aurka.

Hori dela eta, CCOOk "ikuspegi zabalagoaz" jokatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, "uko egin diezaiola langileen mobilizazioak ordena publikoko gai bihurtzeko bideari".

ErNE sindikatu polizialak, berriz, "giza baliabide eta baliabide material gehiago" eskatu dizkio Segurtasun Sailari, "ertzainen segurtasuna bermatzeko" eta "zorigaiztoak" eragozteko.

Sindikatuak esan du "penagarriak" direla horrelako ekintzetan dituzten baldintzak, eta eurak defendatu beharko lituzkeen Sailak "gerra galtzera" bidaltzen dituela.

Esan Ertzaintzako sindikatuak, bere aldetik, "babesa eta animoak" helarazi dizkie zauritutako ertzainei, eta ohartarazi du ezin direla "24 agente bidali makilekin, harriekin eta botilekin armatuta dauden 300 pertsona kontrolatzera".

Albisteak (3)

Bideoak (1)