GREBA
Zaintza sektoreko langileen "prekarietatea" salatu dute EAEko hiriburuetan
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Garbiñe Aranburuk (LAB) ziurtatu du eztabaida soziala abiatu behar dutela baldintzak hobetze aldera, eta langileek, zaintza zerbitzua jasotzen dutenek eta haien senitartekoek hartu behar dutela parte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
CC.OO., ESK, LAB eta ELA sindikatuek abarmendu dute "jarraipen handia" izan duela zaintza sektorean ostegun honetarako deitutako grebak, Jaurlaritzak % 100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri baditu ere. Gaurko mobilizazioetan, sektorean bizi duten "prekarietatea" salatu eta zaintza sistema publikoa aldarrikatu dute beharginek.
Azaroaren 17an eta urtarrilaren 26an ere lanuzteak egin zituzten, eta gaurko honetan, greba ez ezik, protestak ere egin dituzte EAEko hiru hiriburuetan "Zerbitzu eta gizarte publikoak indartu" leloa lagun. Bilbon, Ernesto Erkoreka plazan bildu dira manifestariak; Donostian, Alderdi Ederren batu dira, eta Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazan.
Bilboko protestan LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu eta CC.OO. sindikatuko Loli Garcia izan dira, besteak beste. Komunikabideen aurrean LABeko buruak ziurtatu du eztabaida soziala abiatu beharrean daudela baldintzak hobetze aldera, eta langileek, zaintza zerbitzua jasotzen dutenek eta haien senitartekoek hartu behar dutela horretan parte. Helburua da egungo zaintza eredua aldatzea.
Ildo horretan, Aranburuk gogora ekarri du martxoaren 8ko mobilizazioetan zaintzarekin lotutako afera ere hartuko dutela ardatz, eta horren inguruko mezu garbia igorri die erakundeetako arduradunei eta, bereziki EAJri, "edukirik gabeko hitzekin" nahikoa ez dela adierazteko: "Propaganda gutxiago eta ekintza gehiago nahi ditugu zaintza sistema publiko baten aldeko bidean", aldarrikatu du.
Gainera, zaintzan lanean diharduten beharginak politikoki, ekonomikoki zein sozialki "aintzat hartzea" exijitu du LABeko idazkari nagusiak, eta horretarako lan baldintzak hobetu behar dizkietela azpimarratu du, "bizitza aurrera ateratzeko oinarrizko zerbitzu bat ematen ari baitira".
Bestalde, Loli Garcia CC.OO. sindikatuko idazkari nagusiak baieztatu du herritarren eta zaintza sektoreko langileen egoera lehenetsiko dutela egutegi sindikalean.
Manifestua
Gaurko protesta ekitaldietan, sindikatuek manifestu bat irakurri dute Zerbitzu Sozialen EAEko Sistema "pertsonen gizarteratzeari, autonomiari eta ongizateari laguntzeko" gai ez dela salatzeko.