OTSAILEKO DATUAK
1.702 langabe gutxiago zenbatu dituzte EAEn, eta 1.261 gehiago Nafarroan
EITB MEDIA | AGENTZIAK
129.028 pertsona zeuden lanik gabe otsailean EAEn. Nafarroan, berriz, 42.986 langabe zenbatu zituzten.
Your browser doesn’t support HTML5 video
441 langabe gutxiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian otsailean, 1.702 gutxiago Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta 1.261 gehiago Nafarroan, Espainiako Lan Ministerioak astearte honetan zabaldutako datuen arabera.
Otsailean urtarrilean baino 1.702 langabe gutxiago (% 1,30) zenbatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan; guztira, 129.028 pertsona zeuden enplegurik gabe.
Iazko otsaileko datuekin alderatuta, orduan baino 11.789 langabe gehiago zenbatu dituzte, % 10,06 gehiago.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, % 1,45 jaitsi da langabezia Araban, 21.855 langabe zenbatu baitituzte guztira (321 langabe gutxiago); % 1,65 egin du behera Gipuzkoan, 34.399 langabe zenbatu baitituzte (576 gutxiago); eta % 1,09 Bizkaian, 72.774 zenbatu baitituzte (805 gutxiago).
Aurreko otsaileko datuekin alderatuta, langabezia % 13,01 hazi da Araban (2.516 langabe gehiago), % 10,88 Gipuzkoan (3.374 langabe gehiago) eta % 8,82 Bizkaian (5.899 langabe gehiago).
Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordearen esanetan, "nahiz eta urteak oso gogorra izaten jarraitzen duen eta enpresa eta langile batzuk gaizki pasatzen ari diren", baldintzak betetzen dira Euskadin kalitatezko enplegua berreskuratzen hasteko.
Langabeziaren datuen berri izan ostean esan duenez, ehun ekonomikoa "erresistentziarako gaitasun oso sendoa erakusten ari da", eta hilabete honetako enpleguaren susperraldiak krisirik ez zegoen beste urte batzuetako otsaileko datuen antzekoak direla azpimarratu du.
Nafarroan gora egin du langabeziak. Otsailean urtarrilean baino 1.261 langabe gehiago zeuden (% 3,02 gehiago). Horrek esan nahi du guztira 42.986 langabe zeudela Nafarroan hilabete horretan.
Urtebetean 9.011 langabe gehiago (% 26,52) zenbatu dituzte Nafarroan.
Estatuan, 44.436 pertsona gelditu ziren lanik gabe otsailean. Gaur-gaurkoz 4.008.789 langabe daude, 2016ko apiriletik izandako kopururik handiena.
"Arnasaldia" ikusi du ELAk otsaileko datuetan
ELA sindikatuak uste du krisi ekonomikoak "arnasaldia" eman diola enpleguari EAEn, langabezia-tasak behera egin baitu, baina, horren esanetan, "agenda soziala" bultzatu beharra dago lan-erreformari aurre egiteko. Halaber, mobilizatzeko deia egin du, "kaleratze masiboak" ez izateko.
Lan Zerbitzu Publikoak argitaratutako datueak ikusita, 441 pertsona gutxiagok eman dute izena Lanbiden iragan hilabetean. Guztira, beraz, 172.014 lagun daude lanik gabe Hego Euskal Herrian gaur egun.
CCOO: "Susperraldiaren lehen zantzuek kanpoan utzi dute emakumea"
CCOO sindikatuak ohartarazi du susperraldiaren lehen zantzuek kanpoan utzi dutela emakumea; izan ere, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten hamar pertsonatik zazpi emakumeak dira.
Ohar baten bidez, sindikatuak nabarmendu du otsailean EAEn zeuden 129.028 langabeen % 55,7 emakumeak direla. "Garbi dago emakumeak direla unerik zailenetan lan merkatutik ateratzen lehenak eta bertara itzultzen azkenak", adierazi du.