Itxi

KORONABIRUSA

18,5 milioi euroko laguntzak Nafarroan, ostalaritza eta turismo sektoreentzat

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Leer en Castellano

Dirulaguntza martxoaren 15a eta apirilaren 14a bitartean eskatu, eta 1.710 euro eta 75.000 euro bitartean jaso ahalko dira.

Iruñeko Alde Zaharreko kafetegi bat. Artxiboko argazkia: EFE

Nafarroako Gobernuak 18,5 milioi euroko dirulaguntzak iragarri ditu ostalaritza eta turismo sektoreak suspertzeko, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eta Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak atzo iragarri zutenez.

Pandemiaren ondorioak arintzea helburu duten laguntzak dira, eta martxoaren 15etik apirilaren 14ra bitartean eskatu ahalko dira.

Eskatzaileek egiaztatu beharko dute gutxienez % 20ko beherakada izan dutela BEZaren zerga oinarrian aurreko urteko datuekin alderatuta. 

Lehendabiziko deialdian, 2.074 enpresak jaso zituzten laguntzak. Hasiera batean aurreikusitako 20 milioietatik 13,5 bideratu zituen Nafarroako Gobernuak.

Kaltetutako kolektibora iristea helburu, ostalaritza arloko enpresei turismo sektorekoak gehitu zaizkie orain.

Bigarren deialdi honetan eskaera egin ahalko dutenen artean hauek daude: ostalaritzarekin eta turismoarekin lotutako handizkako merkataritzan diharduten enpresak, landetxeak, apartamentu turistikoak eta etxebizitza turistikoak alokatzen dituztenak, eta turismo aktibo eta kulturaleko enpresak.

Gutxienez 1.710 eta gehienez 75.000 euroko laguntzak jaso ahal izateko, enpresek helbide fiskala eta lantokia Nafarroan izan beharko dute.

Albisteak (1)