TURISMOA
Aste Santurako erreserbak % 61era igo dira EAEko landetxeetan
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Urtarrilaren 13tik indarrean egon diren mugikortasun mugak altxatu ostean, erreserbak % 27tik % 61era igo dira.
Urtarrilaren 13tik indarrean egon den lurralde eta udal konfinamendu perimetrala bertan behera gelditu ostean, nabarmen egin dute gora Aste Santurako erreserbek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landetxeetan. Ostiralean okupazio-tasa % 27,13koa zen, eta atzo, ostera, % 61,92koa.
Nekatur EAEko Nekazalturismo eta Landetxeen Elkarteak emandako datuen arabera, Aste Santuko lau egunetako okupazioa, batez beste, % 61,92koa da. Hala ere, mugikortasun mugak arintzeak datozen egunetan ere erreserbetan isla izatea espero dute.
Bost gauetako okupazioa (asteazkena, osteguna, ostirala, larunbata eta igandea) % 55,26koa da orain arte, eta % 71,25ekoa izan zen 2019an. Nekaturren esanetan, okupazio gehieneko egunak ostegun, ostiral eta larunbat gauak dira (apirilak 1, 2 eta 3). Igandean (apirilak 4) erreserbak "nabarmen jaisten dira".
Egun, EAEko landa-eremuko ostatuen okupazioa % 27,01ekoa da asteazkenean, % 64,21ekoa ostegunean, % 65,76koa ostiralean, % 63,30ekoa larunbatean eta % 53,73koa igandean.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Arabak ditu erreserba gehien (% 92,4 ostegun santurako eta % 93,07 ostiral santurako), eta Bizkaia (% 64,5 ostiral eta larunbat santurako) eta Gipuzkoa (% 57,7 ostiral santurako) ditu atzetik.
Pazko Asteko datuei dagokienez, "oraingoz 2019koak baino askoz baxuagoak" direla azpimarratu dute Nekaturretik. Okupazio tasa % 15,86koa da apirilaren 6tik 10era bitartean, eta % 30,7koa izan zen 2019an.