LA NAVAL
Helegitea aurkeztuko dute Naval erosteko eskaintzak egin dituzten gainerako taldeek
EITB MEDIA
Bigarren eskaintzarik altuena 30 milioi eurokoa izan da, eta honek, Belgikako taldeak ez bezala, ontzigintza mantentzeko proiektua aurkeztu du.
36 milioi euroren truke Belgikako VGP logistika taldeak Navaleko ondasun nagusia erosi izanak hautsak harrotu ditu. Sestaoko ontziola zaharraren orubean gune logistikoa altxatu nahi duela eta, enkantean jardun industrialerako eskaintzak aurkeztu dituzten gainerako taldeek helegitea aurkeztuko dute, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez.
Astearte honetan jakin dugu VGP Belgikako logistika taldeari esleitu dizkiotela Naval ontziolako lursailak, 36 milioi euroko eskaintza aurkeztu ostean. Parke logistikoak sustatu, alokairu eta salmentan espezializatutako talde belgikarrak aurkeztu du Sestaoko La Naval ontziola zaharraren likidazio prozesuan eskaintzarik onena.
300 mila metro koadroko orubea eta garabiak barne dituen loterako, denera, hamaika eskaintza jaso ditu konkurtso administratzaileak. Bigarren eskaintzarik altuena 30 milioi eurokoa izan da, eta honek, Belgikako taldeak ez bezala, ontzigintza mantentzeko proiektua aurkeztu du.
Industria jardunerako lursaila dela eta VGPren proiektuak ez duela hori betetzen iritzita, Euskal Herriko Itsas Foroko zuzendaria den Javier Lopez de la Callek adierazi du helegitea aurkeztuko dutela eskaintzak aurkeztu dituzten gainerako taldeek. Lopez de la Calleren arabera, ez dute erabakia ulertzen, eta azpimarratu du beharrezkoa dela industria jarduerari eustea jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatu nahi badira.
Taldeek 15 eguneko epea izango dute helegitea aurkezteko, eta epaitegiak erabaki beharko du arrazoia nori eman.
Eusko Jaurlaritzak proiektu industriala nahiago duen arren, Bingen Zupiria bozeramaileak esan du erabakia administratzailearena dela. Zupiriaren hitzetan “ongietorria izango da ekonomia sustatuko duen edozein jarduera, berarekin aberastasuna eta lanpostuen sorrera badakar”.
Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, Jaurlaritzak ardura zuzena du, eta gaineratu du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun sailburuari azalpenak eskatuko dizkiotela.