Itxi

Kaleratzeak

PCBko eta Tubacexeko langileek elkarrekin manifestazioa egin dute Barakaldon

EiTB Media | Agentziak

Leer en Castellano

PCB-ITP Aero Castingeko beharginek Tubacexeko langileei harrera egin diete Herriko Plazan, protesta bateratua hasi baino lehen.

PCB eta Tubacex enpresetako langileen manifestazio bateratua Barakaldon (Bizkaia). Argazkia: EFE

PCB-ITP Aero Casting enpresaren Barakaldoko eta Sestaoko lantegietako beharginek eta Tubacexeko langileek manifestazioa egin dute elkarrekin Barakaldon (Bizkaia), enpleguaren defentsan eta bi enpresetako kaleratzeen aurka protesta egiteko.

PCB-ITP Aero Castingeko beharginek Tubacexeko langileei harrera egin diete Herriko Plazan, protesta bateratua hasi baino lehen.

"Gure etorkizunagatik. Ererik ez" lelopean protesta egin dute. Haur talde batek pankarta nagusia eraman du. Barakaldoko eta Sestaoko lantegietan 83 behargin kaleratu ditu PCB-ITP Aero Castingek.

Manifestazioa bukatu ondoren, PCB-ITP Aero Castingen enpresa-batzordeko kideek adierazpen bat irakurri dute. "PCBren lanpostu guztien defentsan ez-ezik, langabeziarik eta miseriarik gabeko etorkizun baten defentsan ere" mobilizazioa egin dutela nabarmendu dute.

"Administrazio publikoen eta Eusko Jaurlaritzaren geldotasunaren" aurrean, PCBko langileen bizitzak "suntsitzeko patronalaren gogoari aurre egiteko" borroka azpimarratu dute. "Eskualde bateko motor ekonomikoa izan den industria desegiten" uztea egotzi diote Exekutiboari.

Sestaoko Naval ontziolarekin gertatutakoa horren adibidea dela adierazi dute: "ontziak eraikitzetik" lursailetan "biltegi logistikoak" izatera pasako dira.

PCB-ITP Aero Castingeko enpresa-batzordearen ahotan, "iraganeko errezeta berdina, lantegien kaltetan merkataritza-guneak inbaditu zigutenean, Ezkerraldea prekarietatearen paradisua izatera zigortuz".

"Kaleratze kolektibo baten" ostean enpresaren egoerak "ez du hobera" egin, eta zuzendaritzak aldi baterako lan-erregulazioa aplikatu nahi du orain, salatu dutenez.

"Hau da, langileen soldatak ordaintzeari uzteko kaleratzeak egin dituzte, aldi baterako lan-erregulazioa diru publikoarekin finantzatu eta gainerako beharginen soldata nabarmen murriztu dute, beste ondorio batzuk ez aipatzearren", kritikatu dute.

Ziurtatu dutenez, enpresa-batzordeak mobilizazioekin aurrera jarraituko du, "aukera posible guztiak aztertuz", kaleratutako beharginak lantokira itzultzeko.

Albisteak (3)