Itxi

KRISI EKONOMIKOA

Aernnovarekin batera ITP erostea "zentzuzkoa" litzatekeela uste du Jaurlaritzak

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Leer en Castellano

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak adierazi duenez, ondorioak mahai gainean dituenean baloratuko du Eusko Jaurlaritzak ITP erosteko aukera.

ITP Aero, Zamudion. Artxiboko argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzak eta Aernnovak elkarrekin ITP Aero erostea "zentzuzkoa" dela uste du Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak.

Balizko erosketa operazio hori hizpide izan du sailburuak, baina haren esanetan Arantxa Tapia buru duen sailari dagokio azken erabakia. Gaineratu duenez, auzia aztertzen ari dira orain ITPrekin eta Aernnovarekin.

Azpiazuk ITP enpresa erosteko aukeraz hitz egin du, baina erabaki hori hartzea ona edo txarra den jakiteko daturik ez duela zehaztu du. Haren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak "bere osotasunean baloratuko ditu ondorioak, eta orduan" hartuko du erabakia.

"Une honetan, ez dut datu nahikorik operazio hori ona edo txarra den jakiteko, nahiz eta, intuitiboki, zentzuzkoa dela uste dudan", azpimarratu du.

"ITPren proiektu industriala eta errotzea" lehenetsiko ditu Eusko Jaurlaritzak

Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuaren esanetan, ITP erosteko aurkezten diren eskaintzetan "proiektu industrialari eta gizartean eta herrialdean izango duen errotzeari" emango dio lehentasuna Eusko Jaurlaritzak.

Executive Forum delakoak antolatutako solasaldian Tapiak azpimarratu duenez, "ITP punta-puntako enpresa bat da Euskadirentzat" eta hori dela eta "etorkizun onena" opa dio.

Rolls Roycek "konpainia salgai jarri" ostean, Eusko Jaurlaritzak "ITPren jarraipena eta errotzea" bermatuko duen proiektu bat nahi duela adierazi du Tapiak. Haren esanetan, ITP erosteko "eskaintza bat baino gehiago" egongo da. Are gehiago, jakin badakitela esan du "Euskadira iritsi delako".

Albisteak (3)