Kargatzen...
Itxi

URTARRILA ETA OTSAILA

Zerga-bilketa % 6,6 jaitsi da Euskadin urtarrila eta otsaila bitartean

N. B. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

EAEko hiru ogasunek 2.564,1 milioi euro bildu dituzte aurtengo lehen bi hilabeteetan, 2020an baino 182,1 milioi gutxiago.

2021eko hasiera honetan, diru-bilketa murriztu egin da hiru lurraldeetan. Argazkia: EFE.

EAEko hiru ogasunek 2.564,1 milioi euro bildu dituzte aurtengo lehen bi hilabeteetan, hau da, 2020ko epe berean baino % 6,6 gutxiago: 182,1 milioi gutxiago.

Atzerakada hori ez dator bat 2020ko urtarrila eta otsaila bitartean izandako % 6,2ko gorakadarekin; izan ere, artean alarma-egoera ezarri gabe zegoen eta ekonomia ez zegoen suspertzen hasita.

2021eko hasiera honetan, diru-bilketa murriztu egin da hiru lurraldeetan. Bizkaiak 1.606,5 milioi euro bildu ditu urtarrila eta otsaila bitartean, % 6,8 gutxiago; Gipuzkoak 686,1 milioi, % 2,8 gutxiago; eta Arabak 271,4 milioi, % 14 gutxiago.

Bizkaian, urteko lehen bi hilabeteetan zerga bidez diru gutxiago bildu izanaren arrazoia zeharkako zergetako diru-sarreren jaitsiera izan da, BEZaren bidez % 15,3 gutxiago bildu baititu (527,3 milioi euro).

Zerga berezien bidez lortutako diru-sarrerak ere % 9,2 jaitsi dira, eta gainerako zeharkako kargak, % 6,3.

Zerga zuzenen bidez bildutakoak, aldiz, gora egin du lurralde horretan. PFEZaren bidez 748,5 milioi euro bildu ditu (% 0,8ko igoera), eta Sozietateen gaineko Zergaren bidez 52,4 milioi bildu ditu (% 5,9 gehiago).

Gipuzkoan, Foru Ogasunak diru gutxiago biltzea justifikatu du, "diru-sarrerak nabarmen jaitsi direlako, % 6,6 jaitsi baitira, eta itzulketak % 50,8 apaldu dira", baina Aldundiaren ustez, "oraindik goiz da ondorioak ateratzeko, kanpaina nagusiak egin arte zaila baita joerak identifikatzea".

Gipuzkoako zeharkako zergen barruan, PFEZa % 2,2 jaitsi da 388,4 milioi euro eskuratu baititu (nahiz eta lan-errendimenduari lotutako zerga horren atala % 1,8 igo den), eta Sozietateen gaineko Zergaren bidez bildutakoa % 41,2 jaitsi da, 18,9 milioi bildu baititu.

Zeharkako zerga nagusien artean, BEZak % 0,7 egin du behera, eta 235,7 milioi euroko bilketa izan da.

Araban, Foru Aldundiak 2020ko aldi berean baino 44,4 milioi euro gutxiago bildu ditu urteko lehen bi hilabeteetan, eta diru-sarrera nagusiak jaitsi egin dira.

Zeharkako zergei dagokienez, PFEZak 140,9 milioi euro (% 9,8 gutxiago) biltzea ahalbidetu du, eta Sozietateen gaineko Zergak, 7 milioi euro (% 35,7 gutxiago). Zeharkako zergen kasuan, BEZak 101,2 milioi euroko ekarpena egin du; hau da, % 17,4 egin du behera.

Albisteak (3)