Itxi

EKONOMIA ZIRKULARRA

Europa hegoaldeko ekonomia zirkularreko lehen zentroa Bilbon kokatuko da

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Basque Circular Hub-en helburua da datozen hiru urteetan 1.200 profesional ekonomia zirkularrean prestatzea eta 1.500 euskal enpresak haien zerbitzuak erabiltzea.

Arantxa Tapia eta Juan Mari Aburto Basque Circular Hub-eko aurkezpenean. Argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak hitzarmen bat sinatu dute Basque Circular Hub sortzeko, Europa hegoaldeko ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuen lehen zentroa. Besteak beste, datozen hiru urteetan 1.200 profesional ekonomia zirkularrean prestatzea eta 1.500 euskal enpresak euren zerbitzuak erabiltzea du helburu.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Basque Circular Hub aurkeztu dute asteazken honetan. Ihobe sozietate publikoak kudeatuko du, Eusko Jaurlaritzaren, Bilboko Udalaren, EHUren, Deustuko Unibertsitatearen, Modragon Unibertsitatearen, Tknika LHko Ikerketa Aplikatuko Zentroaren eta Novia Salcedo Fundazioaren arteko lankidetza publiko-pribatuaren ondorioz.

Zentroak merkatu-prospektibako, prestakuntza aurreratuko, joeren azterketako eta ekonomia zirkularraren esparruan ezagutza aditua sortzeko zerbitzuak izango ditu, eta lau ardatzen inguruko gaiak jorratuko ditu: euskal enpresetan ekonomia zirkularreko proiektuak egitea; Euskadiko ekonomia zirkularreko behatoki gisa jardutea; ekonomia zirkularrean informazio aurreratua ematea, eta enpresei tresna teknikoak eskaintzea.

Tapiaren esanetan, proiektuaren helburua "Euskadi ekonomia zirkularrean eta iraunkortasunean nazioarteko erreferente bihurtzea da, ez gara Euskadin bakarrik lan egitearekin konformatzen".

Era berean, euskal enpresei aholkuak emateaz gain, "Euskadin ekonomia zirkularrean gaur zer gertatzen ari den eta hemendik 2024ra nola garatzen den jakitea garrantzitsua da", azpimarratu du, "neurtzen ez dena ez delako hobetzen eta hobetzen ez denak okerrera egitera jotzen duelako".

Basque Circular Huben egoitza Bilboko Udalaren Auzo Factory Irazabal-Matikoren ekintzailetza-zentroan dago, Ihobe sozietate publikoaren eta Udalaren arteko hitzarmena dela eta.

Alkateak adierazi duenez, "Bilbok nazioarteko talentuarentzat hiri erakargarria izatearen aldeko apustua egiten du, eta, horretarako, funtsezko da enpresa-sarearen eta sare berritzailearen lankidetza; Bilbo jasangarriagoa, osasungarriagoa eta gizatiarragoa lortzeko, etorkizuneko Bilbo eraikitzen lagunduko diguna".

Gazteen etorkizuna

Sailburuaren hitzetan, "profesional gazteen egoera ez da onena, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzak bestelako etorkizun bat eskaini nahi die, iraunkortasunarekin lotutako horrelako esperientziak gero eta gehiago hartzen baitira kontuan". Horren arabera, helburuetako bat da 2024an zentro honetan 800 gazte lanean egotea.