Itxi

balizko erosketa

Aernnova-ITPren batzordeak: "Kaleratutakoak berriro hartu behar dituzte"

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Salatu dutenez, Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua ez dira langileen ordezkariekin harremanetan jarri eta ez diete aipamenik egin "kaleratzeei", hala, "pentsa liteke ontzat hartu dituztela".

ITP Aeroko langileen manifestazio bat, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

Aernnova eta ITP Aero-PCB enpresetako langileen batzordeek "kaleratutako langileak berriz kontratatzea" eskatu dute, Rolls Roycek ITP saltzeko abiatutako operazioaren harira.

Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak Aernnovari ITPren erosketan parte hartzeko egindako aipamenen harira zabaldu dute prensa-oharra langileen ordezkariek.

Hala, oharrean diotenez, Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua ez dira langileen ordezkariekin harremanetan jarri eta ez diete aipamenik egin "kaleratzeei", hala, "pentsa liteke ontzat hartu dituztela Aernnova eta ITPko kaleratzeak", gaineratu dute.

Hori dela eta, priektua edozein izanda ere, bi enpresetako langile guztiak aintzat hartzeko eskatu dute, baita "modu bidegabean kaleratu dituztenak" ere.

"Dirudienez, enpresa eta erakunde esparru batzuetan, zenbait antzekotasun dituzten bi enpresen arteko bat-egitea babestu omen dute: sektore bera, krisi bera, herrialde bera eta langileen talde handi bat alde batera uzteko formula bera, covid-19a oinarri hartuta. Baliteke kasualitate beragatik iragarri zuten kaleratze kopuru beretsua, data beretsuan: otsailak 1ean, 82 eta 80 langile, hurrenez hurren", salatu dute.

"Deigarriena" zenbait erakunderen eta zenbait politikarien zeregina da, haien ustean. Horren ildotik ziurtatu dutenez, "ondo legoke ikustea erakundeek jarrera argia dutela krisiak enpresen eta lanaren sektorean eragin dituen ondorioen aurrean, kezkak alboratuko ez balu bezala enpleguaren suntsipena".

Halere, haien iritzian, "nazkagarria" da haien "apostu ekonomikoak lau haizetara zabaltzea, herrialde honetan ehunka pertsona kalean eta diru sarrerarik gabe utzi beri dituen kapitalaren norabidea ezarrita".

"Azken hamarkadan erakunde horiek gehien loditu dituztenak animatu eta txalotu egiten dituzte, lanaldia bukatutakoan ahora zerbait eramateko bermea galdu duenari muzin eginez. Kargu horiei dagozkien erantzunkizun soziala eta zentzua ahazten dute, lantegi batzuen arduradunei diru sarrera erakargarria bermatuko dien jokaldiaren alde eginez. Eta langileei bizkar emanda egiten dute", kritikatu dute.

Horregatik, langileak aintzat hartu, eta "enplegua lehenestu eta kaleratutako pertsonak berriz kontratatzea" eskatu dute. Haien ustean, ezin da proiektu berri bat martxan jarri "inposaketan, eta kaleratzeen eta langileen bazterketan oinarrituta".

Albisteak (5)