Manifestazioak
"Etxebizitza politiken erabateko aldaketa" aldarrikatu dute 20 bat kolektibok
EiTB Media | Agentziak
Etxebizitza Lege berriak "espekulatzaileei eta errenta handienei mesede egiten dien fiskalitatearekin bukatzea" nahi dute manifestariek. Mobilizazioak Bilbon, Gasteizen eta Donostian egin dituzte.
Etxebizitza Lege berriak “espekulatzaileei eta errenta handienei mesede egiten dien fiskalitatearekin bukatzea” eskatu dute larunbat honetan. Horretarako, mobilizazioak egin dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan. “Etxebizitza politiken erabateko aldaketa” aldarrikatu dute 20 kolektibo inguruk.
Elkarte, sindikatu eta alderdi politiko ezberdinek, besteak beste, EH Bilduk, Podemosek eta Ezker Anitza-EBk mobilizazioak babestu dituzte. Donostian, Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako ordezkaritza aurrean egin dute protesta, Bilbon Moyua plazan eta Gasteizen Ande Mari Zuriaren plazan.
Hiriburu donostiarrean 100 bat pertsonak hartu dute parte, horien artean, Pilar Garrido Podemos-Ahal Duguko koordinatzaile nagusiak, Arantza Gonzalez Ezker Anitza-EBko buruzagiak eta Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak.
Alderdi Ederreko lorategietan zenbait minutuko elkarretaratzea egin dute manifestariek, Exekutiboko eraikinaren aurrean, eta bi pankarta erakutsi dituzte: “Etxebizitza bermatzeko lege baten alde. Inor ez kale gorrian” eta “Espekulazioa, ez dugu ahaztuko eta barkatuko” lelopean. “Funts putreen” aurkako eta alokairuak kontrolatzearen aldeko oihuak egin dituzte.
Jarraian, manifestazioa abiatu dute, erdialdeko kaleetan ibilbidea eginez, Boulevardean bukatzeko. Etxegabetzeen aurkako banderak erakutsi dituzte manifestari askok.
Marcelino Garcia Kaleratzeak Stop plataformako bozeramaileak agiri bat irakurri du amaieran. Garciaren ahotan, Etxebizitza Lege berriak “bankuen, etxe-agentzia handien eta funts putreen maniobrak eragotzi” behar ditu, gainera, “etxebizitza pertsonen eskubide bezala aitortzeko tresna erabilgarria” izan behar du, eta “etxegabetzeak bukatzeko eta etxerik gabeko pertsonarik ez egoteko”.
Garciaren esanetan, etxebizitzen “funtzio sozialari lehentasuna” eman behar dio arau berriak, ondasuna “negozio objektu gisa erabiltzeari uzteko, pertsonen beharrizanak lehenetsiz”.
Era berean, lege berriak etxebizitza “pertsonen eskubide subjektibo bezala” aitortu behar duela uste du. Zentzu horretan, “beste etxerik ez daukaten familia zaurgarrien kaleratzea debekatzen du nazioarteko eskubideak”, gogorarazi duenez.
“Alokairu sozialeko parke publikoa handitzea”; “alokairuak diru-sarreren arabera arautzea”; “espekulazioa eragoztea”; “ur, argindar, gas eta telekomunikazioak bermatzea” eta “hipoteka zordunei bigarren aukera eraginkor bat” ematea, besteak beste, aldarrikatu ditu Garciak.
Bilbon, 30 bat pertsonak elkarretaratzea egin dute Moyua plazan, “etxebizitza eskubide subjektiboa” dela aitortzen duen lege bat eta “inor ere kalean ez bizitzea” eskatzeko.
“Etxebizitza bermatzen duen lege baten alde”, zioen pankarta atzean bildu dira manifestariak, horien artean, Xabier Jimenez Elkarrekin Podemos-IUko zinegotzia.
Onartu eta bost urte geroago EAEko etxebizitza legea “garatu eta aplikatu gabe” jarraitzen dutela kritikatu du ekimenak ohar batean. EAJ eta sozialistak “alokairu espekulatzaileak kontrolatu eta funtsezko ondasun batekin ekimen pribatuari espekulatzea eragozten dion etxebizitza lege bat Estatuko Parlamentuan aurrera ateratzearen aurka” agertzea “ez da kasualitatea”, erantsi dutenez.
Gasteizen, elkarretaratzea Andre Mari Zuriaren plazan egin dute dozenaka pertsonak, “etxebizitza bermatzen duen lege baten alde. Inor ez kale gorrian” lelopean.
Era berean, Iruñean, dozenaka pertsonak “etxebizitza bermatzeko lege bat” eskatu dute, Nafarroako Hipotekadunen Plataformak deituta. Estatuko legea “paper bustia izango da, lurralde osoan eskubidea modu eraginkorrean bermatu eta babestu ezik”, ohartarazi dute.
“Etxebizitza bermatzen duen lege baten alde. #EtxebizitzaLegeEkimena” lelopean, elkarretaratzea egin du kolektiboak Nafarroako hiriburuan.
Hipotekadunen Plataformak ohar batean azaldu duenez, Espainiako Gobernua legea prestatzen ari da. “Funtsezko eskubidea babesteko orduan, aurrerapauso historiko bat lortzeko abagunea alferrik galduko” ez dutela esan du plataformak.
Elkarretaratzea Iruñean. Argazkia: EFE