Itxi

TXIPEN KRISIA

Txipen krisiak Gasteizko Mercedes-Benz geldiaraziko du larunbat honetan

O.P. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Telelanaren gorakadarekin, txip-fabrikatzaileek tresna elektronikoak fabrikatzeko materialaren eskari handiari aurre egin behar izan diote, eta hornidurarik gabe utzi dute automobilaren sektorea.

Langileak Gasteizko Mercedes-Benz lantegitik irteten. Artxiboko argazkia: EFE

Mercedes-Benz ibilgailu fabrikatzaile alemaniarraren Gasteizko lantegiak ezin izan du saihestu erdieroaleen sektorearen krisiak lantegiaren ekoizpen-gaitasuna eta -erritmoa arriskuan jartzea. Osagai horiek lortu ezinaren ondorioz, lantegiko zuzendaritzak larunbat honetako ekoizpena "antolakuntza arrazoiengatik" bertan behera utzi beharko duela iragarri du.

UGTren informazioaren arabera,  geldialdiaren berri gaur goizean eman diete lengile ordezkariei. "Urte hasieratik" planifikatuta zeuden lanaldietan ekoizpena bertan behera uzteko erabakia "nahikoa" izatea espero du sindikatuak.

Ikusteko dago, beraz, Gasteizko Mercedes-Benz lantegiak "datozen asteetan egutegian aldaketarik egin gabe" funtzionatzen jarrai dezakeen, UGTren arabera.

UGTk igorritako komunikatuan, gogorarazi du erdieroaleen hornikuntzaren krisiak "geldiarazi" egin dituela Espainiako automobilgintza sektoreko beste lantegi batzuk, hala nola  Madril, Zaragoza eta Vigoko Stellantisena, Renault edo Volkswagen, osagai horien hornikuntza faltagatik.

Mundu mailako krisia

Beste sektoretan gertatu bezala, covid-19aren pandemiak eragindakoa da erdieroale edo txipen krisi hau ere. Pandemiaren hasierara jo behar da arazoa nondik datorren ulertzeko: 2020ko udaberrian planetaren zati handi bateko konfindamendu neurriek, milioika pertsona beren etxeetatik lan egitera bultzatu zituzten, horretarako beharrezkoak ziren tresna elektronikoen (ordenagailuak, tabletak, telefonoak, etab.) eskaria esponentzialki areagotuz. Aisialdia betetzeko gailuen eskaria ere areagotu egin zen (kontsolak eta telebistak, besteak beste).

Bien bitartean, autogintzaren sektoreak beherakada handia izan zuen orduan, eta erdieroale horien eskaerak bertan behera utzi edo murrizteko hautua hartu behar izan zuten. Baina, 2020ko hirugarren hiruhilekoan, inork espero aurretik, indarra hartzen hasi zen berriro sektorea eta erdieroaleak eskatzen hasi zirenean ekoizleei, ohartu ziren haiek euren produkzio eta banatze lerroak aldatuak zituztela. Autogintzak itxaron egin beharko zuen.

Asteak aurrera egin ahala, euren txip-hornidurak murriztu egin direla ikusi dute auto-ekoizleek, eta fabrikatzaileek, oraingoz, ezin diote eskariari erantzun. Horixe gertatu zaio, hain zuzen ere, Gasteizko  Mercedes-Benz lantegiari; beste fabrikatzaile askok bezala, erdieroaleen hornikuntza falta du.

Aurreikuspen baikorrenen arabera, korapiloa ikasturte honen erdialdean has daiteke askatzen; beste batzuk ez dira hain baikorrak, eta, diotenez, 2022ra arte atzeratu daiteke arazoa.