MANIFESTAZIOAK
Milaka lagunek lan-erreforma eta negoziazio kolektiboa indargabetzea eskatu dute
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Manifestazioak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dira, baita Galizian eta Katalunian ere.
Milaka lagunek manifestazioa egin dute ostegun honetan Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean, lan-erreforma eta negoziazio kolektiboa bertan behera uztea eskatzeko, pandemiaren "aitzakiarekin" kaleratzeak eragozte aldera. Era berean, euskal alderdiei eskatu diete Madrilen euren "eragina" baliatzeko eta "euren botoa konpromiso zehatzik gabeko akordio hutsen truke ez saltzeko".
Euskadin, ELA sindikatuak eta Galiziako CIG eta Kataluniako Intersindical Kanya sindikatuek deitu dituzte manifestazioak, "Sarraskiari STOP; lan erreformak indargabetu" lelopean.
Mobilizazio bateratu horiek, aldi berean, hiru sindikatuek lan-erreformen indargabetzea eta negoziazio kolektiboa bultzatzeko Madrilgo Diputatuen Kongresuan abian jarritako kanpaina bateratuaren parte dira.
Hiru sindikatuek "kalera" ateratzea erabaki dute oraingoan, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Bilbon egindako manifestazioan adierazi duenez, "behin aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak amaituta agindu daitezkeen kaleratze kolektiboak eta pandemiaren ostean irits daitezkeenak galarazteko eta euren herrialdeetan hitzarmenak negoziatzeko eskubidea aldarrikatzeko".
"Milaka pertsonaren enplegua eta bizi-baldintzak jokoan daude", esan du Bilboko udaletxe aurrean, manifestazioa hastear zela. Bere hitzaldian, Lakuntzak EAJri eta EH Bilduri Madrilen duten "eragina" baliatzeko eskatu die, 2010etik 2012ra Zapateroren eta Rajoyren gobernuetan onartutako lan-erreformak eta negoziazio kolektiboa indargabetzea lortzeko.