Ostalaritza
Ostalariek helegitea aurkeztuko dute LABIren neurri berrien aurka
EITB MEDIA
EAEko hiru elkarteek errepikatu egingo dituzte aurreko helegitean erabilitako argudioa: ez dagoela "egiaztatuta" establezimendu hauen eta kutsatzeen arteko lotura.
Euskadiko hiru Ostalaritza elkarteek baieztatu dute helegitea aurkeztuko dutela LABIk ostiral honetan onartutako murrizketa berrien aurka. Hain zuzen ere, Ostalaritzako barrualdeetako ordutegia murriztu dute, 06:30etik 09:30era eta 13:00etik 16:30era. Gainera, apostu-etxeek ostalaritza zerbitzua baino ezingo dute eman barrualdean, aipatutako ordu berdinetan.
Testuinguru honetan, Ostalaritza elkarteek iragarri dute auzitara joko dutela berriz, arestian erabilitako argudio berberekin: ez dagoela "egiaztatuta" establezimendu hauen eta kutsatzeen arteko lotura.
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Hector Sanchez Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko gerenteak adierazi du "nekez" uler ditzaketela neurri berriak: "Ez dakit zein ezberdintasun dagoen gosari baten, hamaiketako baten, bazkari baten edota arratsaldean kopa bat edatearen artean. Kaltegarria izango da terrazarik ez duten negozioentzat".
Enpresaburuaren esanetan, Ostalaritzan abiatutako neurriak zeharo ezberdinak dira autonomia erkidego bakoitzean, "eta hala ere birusaren garapena berdina da". "Hausnarketa egin beharko da noizbait", erantsi du.