Itxi

Euskaltel

MasMovilek Euskaltel ia 2.000 milioiren truke erosteko eskaintza publikoa egin du

EITB Media | Agentziak

Leer en Castellano

Operazioak Euskalteleko hiru akziodun nagusien ( Zegona, Kutxabank eta Alba) babesa du. Gutxienez akzioen % 75 eskuratzeko helburua du. Eusko Jaurlaritzak "begi onez" ikusten du operazioa.

Euskaltel xurgatuko du MasMovilek.

MasMovil taldeak Euskaltelen akzioak ia 2.000 milioi euroren truke erosteko eskaintza publikoa egin du. Operazioak Euskalteleko hiru akziodun nagusien babesa du.

Eskaintza publikoaren berri igande honetan eman diote Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari. Akzio bakoitzeko 11,17 euro ordaintzeko asmoa du Masmovilek, beraz, Euskalteleko akzioen azken sei hilabeteetako batez besteko prezioa kontuan hartuta, % 26,8ko saria.

Eskaintzak gutxienez akzioen % 75 eskuratzeko helburua du. Esan bezala, operazioak Euskalteleko hiru akziodun nagusien( Zegona, Kutxabank eta Alba) babesa du. Hirurek akzioen % 52,32 dituzte.

Lanpostuak eta egoitzak mantenduko dituela esan du taldeak

MasMovilek komunikatu batean esan duenez, lanpostuak eta Euskaltelek eta MasMovilek EAEn eta Rk Galizian dituen egoitzak mantenduko ditu, baita Euskaltel Taldeak dituen Euskaltel, R, Telecable (Asturias) eta Virgin Telco (Estatua) markak ere.

Donostian egoitza duen operadoreak dirutan ordainduko du eskaintza, eta Espainiar Estatuko laugarren telekomunikazio taldea bilakatuko da, Movistar, Orange eta Vodafoneren ostean, baita azken urtetan gorakada handiena izan duena ere. erosteko eskaintza publiko 

Esklusio eskaintza ez den arren, MasMovilek adierazi du komunikatuan Burtsan Euskaltelen akzioen esklusioa bultzatzek asmoa.

MasMovil eta Euskaltelen arteok batuketaren emaitza izango den taldeak 14 milioi linea, 2700 milioi inguruko sarrera, zuntzaz konektatutako 26 milioi etxe eta 1500tik gora langile izango ditu, "Espainia osoan presentzia handia" izango du eta "Espainiako telekomunikazio merkatuan lehiatzen jarraitzeko beharrezkoak diren inbertsioei aurre egiteko gai" izango da.

BNP Paribas, Santander, Barclays, Deutsche Bank eta Goldman Sachs bankuen arteko sindikatu batek finantzatu du operazioa.

MasMovilek Cliffor Chance, Castañeda Abogados eta Evergreen Legalen aholkularitza izan du operazioan, eta BNP Paribas, Goldman Sachs eta Barclays izan dira finantza arloko aholkulariak. Euskaltelen finantza arloko aholkularia Citigroup izan da, eta Uria Menendez aholkularitza legala izan du.

"Operazio honekin oso ilusionatuta gaude, Euskaltelen talde bikaina izango dugulako, eta ziur gaude gaur iragarri dugun operazioak Espainian sektorea handitzeari egingo diola mesede, eta ona dela Euskaltelen akziodunentzat zein langileentzat eta, bereziki, bezeroentzat ,gure zuntza eta mugikorren azpiegitura erabili ahalko dutelako, baita dagoen lurraldeetan inbertsioen igoeraz aprobetxatu ere", esan du Meinrad Spenger MasMovileko kontseilari ordezkariak.

Taldeak esan duenez ,"proiektu industrial sendi bat da, inbertsioak egiteko asmoa duena eta geografikoki eta komertzialki osagarria dena".

MasMovilen arabera, erosketak ahalbidetuko du "Espainia mailako inbertsioak azkartzea zuntz optikoan eta 5Gan" eta "konpainiak lan egiten duen lurraldeekin duen konpromisoa indartzea".

Eusko Jaurlaritzak "begi onez" ikusten du operazioa

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak "begi onez" ikusten du operazioa; izan ere, "herriko bi enpresen arteko akordioa da". "Erabaki bateratu honek Euskadiren gaitasun teknologikoak eta digitalizazio aukerak sendotzeko balioko du", erantsi du.

"Eusko Jaurlaritzak Euskadiren Transformazio Digitalerako Estrategia onartu behar duen aste berean gauzatu da operazioa, eta bultzada bat suposatzen du, modernizazio digital eta teknologikoan aurrerapausoak emateko, 5G proiektuetan zein Inteligentzia Artifizialean edo Big Datan", nabarmendu du Gobernuak.

Albisteak (4)