Itxi

Elkarrizketa

Zupiria: "Lehendakariak ondo deritzo MasMovilek Euskaltel erosteari"

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bingen Zupiria Jaurlaritzaren bozeramailearen esanetan, "operazio honek Euskadi teknologiaren lehen lerroan egoten jarraitzeko balio badu, albiste ona izango da".

Zupiria, Radio Vitoriako estudioetan. Argazkia: EITB MEDIA

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak bazuten MasMovilek Euskaltel erosteko bart egindako eskaintzaren berri, eta "berez ondo deritzote", adierazi du gaur Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak Radio Vitorian egin dioten elkarrizketan. Berak, ordea, ez zuen erosteko eskaintza publiko (EEP) adiskidetsua ezagutzen.

"Beste enpresa batzuen partaidetza duen arren, Euskadin egoitza soziala duten bi enpresen EEPaz ari gara. Operazio horrek Euskadi teknologiaren eta digitalizazioaren lehen lerroan egoten jarraitzeko balio badu, herritarrek telefonia zerbitzu onak izateko eta egoitzak eta lanpostuak Euskadin mantentzeko balio badu, albiste ona izango da", nabarmendu du.

Dena dela, Jaurlaritzaren bozeramaileak aitortu du bi enpresen negoziazioaren menpe egongo dela dena. "Telefoniaren mundua 90ko hamarkadan hasi zen mugitzen Euskadin", gogorarazi du.

"Ez dut gogora ekarri behar ordutik telekomunikazioen munduak izan duen bilakaera. Iraultza izan da, eta agian oraindik bortitzagoa izango den zerbaiten hastapena baino ez da izan. Zaila da irudikatzea non bukatuko diren kontzentrazio prozesu horiek", azaldu du.

Albisteak (1)