Itxi

GIPUZKOAKO FORU OGASUNA

Gipuzkoako 2020ko Errenta Kanpaina apirilaren 12an hasiko da

EITB MEDIA

Leer en Castellano

2020ko Errenta Kanpaina apirilaren 12tik ekainaren 30era bitartean garatuko da, eta 292 milioi euro itzuli eta 272 milioi euro jasotzea aurreikusten du Gipuzkoako Foru Ogasunak.

Jokin Perona, Irune Yarza eta Yolanda Dominguez. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Ogasunak 292 milioi euro itzuli eta 272 milioi euro jasotzea aurreikusten du 2020ko Errenta Kanpainan, apirilaren 12tik ekainaren 30era bitartean. Ondarearen gaineko Zergaren kasuan, 59,5 milioi euro jasotzea aurreikusi dute, iaz baino 7,5 gutxiago.

Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatuak; Irune Yarza Ogasuneko foru zuzendariak eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordeak aurkeztu dute 2020ko Errenta kanpaina prentsaurreko batean.

Peronak azaldu duenez, kanpaina honetan 292,1 milioi euro itzuli eta 273,2 milioi euro jasoko ditu Aldundiak. "Kanpainako saldoa 18,9 milioi euro negatiboa da, iaz baino 39 milioi euro okerragoa, pandemiaren eraginez", adierazi du.

Egutegiari dagokionez, auto-likidazio proposamenak bihartik aurrera (martxoak 30) kontsultatu ahal izango direla eta proposamenak posta arruntez bidaltzen hasiko direla azaldu du.

Kanpaina apirilaren 12an hasiko da, orduan irekiko baita proposamenak onartzeko epea. Apirilaren 15ean hasiko da online modalitatea Zergabidean, eta egun bat geroago hitzordua hartuko ahalko da bulegoetan, horiek apirilaren 19an irekiko dituzte ateak. Kanpaina ekainaren 30ean amaituko da.

Diputatuak azaldu duenez, Errentaren kanpaina gehiena "Internet bidez" egingo da, Zergabidea plataformaren bidez, "ia zerga guztien auto-likidazioak aurkezteko aukera ematen baitu". "Aurretiazko arretari eusteko ahalegin berezia egingo da, eta Ogasunak 11 bulego izango ditu lurraldeko bederatzi herritan eta 120 pertsonako lantaldea izango du aurrez aurreko arretan", ziurtatu du.

Aurreikuspenen arabera, Ogasunak 382.000 aitorpen jasoko ditu guztira (iaz baino 2.027 gutxiago). Modalitatearen arabera, 226.000 proposamen (665 gutxiago): 53.000 mekanizazio-bulegoetan (1.543 gehiago) eta 103.000 online, Zergabidea plataformaren bidez (2.905 gutxiago).

259.000 aitorpen itzuli beharko dituzte, kopuru osoaren % 67,8, eta batez beste 1.128 euro jasoko dituzte zergadun bakoitzeko. Guztira, 292 milioi euro itzuliko dituzte. Gainerako 123.000 aitorpenak, aldiz, ordaindu beharrekoak izango dira, kopuru osoaren % 32,2, eta zergadunek batez beste 2.221 euro ordaindu beharko dituzte. Guztira, 273,2 milioi euro jasoko ditu Ogasunak. Azkenik, -18,9 milioi euroko saldoa izango du kanpainak.

Modalitateak

Gipuzkoako Foru Ogasunak 258.334 auto-likidazio proposamen bidali ditu zergadunen etxeetara; 166.888 itzultzekoak dira eta 91.446 ordaintzekoak. Guztira, iaz baino 620 gehiago dira eta 302.996 zergadunengan dute eragina (aitorpen guztien % 67,7). "Azken bi urteetan Internet bidez onartu dutenei ez zaie adierazpena bidaliko, proposamena Interneten ikusteko kode bat baizik", adierazi du Yarzak. Proposamena Internetez edo telefonoz onar daiteke (943 113 000).

Halaber, honako sei kasu hauetan aldaketekin onar daiteke: etxebizitza, lokal edo etxebizitza turistikoen alokairuen etekinak, ohiko etxebizitzaren alokairuaren kenkariak, dohaintzen kenkariak eta kuota sindikalaren kenkaria.

Bigarren modalitatea Errenta mekanizatua da, Foru Ogasunaren bulegoetan egiten dena. Hitzorduak hartzeko epea apirilaren 16tik ekainaren 8ra bitartean egongo da zabalik, eta erreserba telefonoz zein Internetez egin daiteke.

Azkenik, hirugarren modalitatea Internetekoa da, Zergabidea plataformaren bidez egiten dena. Gogorazi duenez, "iaz, pandemiagatik, gehien hazi zen modalitatea izan zen, % 13 hazi baitzen, eta pertsona fisikoen kasuan, % 60 igo zen".

Ondarearen gaineko Zerga

Ondarearen gaineko Zergaren kasuan, Peronak azaldu du aurten ez dagoela aldaketa nabarmenik araudian. "Modalitate bakarra dago, Zergabidean egiten dena, eta kanpaina apirilaren 15etik ekainaren 30era egongo da martxan", jakinarazi du. Emaitzei dagokienez, Foru Ogasunak 59,5 milioi euro jasoko ditu, iaz baino 7,5 milioi gutxiago. 7.900 zergadunek batez beste 7.527 euroko ekarpena egingo dutela aurreikusi du Aldundiak.

Albisteak (3)