Lan-gatazka
Beste greba egun bat Gipuzkoako erresidentzietan, lan-hitzarmenaren alde
eitb media
ELAk eta LABek deituta, kalera aterako dira berriro irtenbide bat eskatzeko "Gipuzkoan sekula izan den lan-gatazka luzeenarentzat".
Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileak beste greba egun batera deitu dituzte ELA eta LAB sindikatuek. ELAren kasuan, jada 248 greba egun dira gatazka hasi zenetik. Lan-hitzarmena negoziatzea eskatzen dute, epemugarik gabe luzatu baitzen.
Salatu dute "lan-kargak" eta eragin "psikologiko" eta "emozionala" "oso gogorrak" izaten ari direla.
ELAk "Gipuzkoan sekula izan den lan-gatazka luzeenarentzat" irtenbidea ematea eskatzen du.
"Gipuzkoako erresidentzietan gauzak ez daude ondo. Lan-hitzarmenaren negoziazioak blokeatuta jarraitzen du, eta langileak geroz eta zigortuago daude fisikoki eta emozionalki, pandemiaren eragina dela eta", azaldu dute.
Grebaz gain, manifestazioa egingo dute 11:00etan, Donostiako Gipuzkoa plazatik abiatuta, eta Gipuzkoako Senideak eta Irauli Zaintza elkarteekin batera.