MasMovilen EEP-a
Euskaltelen zuzendariek jasoko omen dituzten bonusekin kritiko agertu da Erkoreka
E. G. | EITB MEDIA
Jaurlaritzak konpainia babestu ez duela diotenen aurrean, lehen lehendakariordeak erantzun du telekomunikazioen merkatuari buruzko "ezjakintasun erabatekoa" dagoela.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburua kritiko azaldu da MasMovilek operazioaren ondotik Euskalteleko zuzendariek jasoko omen dituzten bonusekin. Hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, erosteko eskaintza publiko (EEP) adiskidetsua gauzatu ostean, 26 milioiko gainsariak jaso dituzte Euskalteleko 30 zuzendariek. Erkorekaren iritzian, pizgarri horiek ez dira "Euskadiren eredua", eta adierazi du espero duela konpainian bertan inbertituko dituztela.
Herri Irratian egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, berak ez daki "bonusak aurreikusita dauden ala ez", eta albistea komunikabideetan ikusi duela erantsi du. Hala balitz ere, enpresen hartu-emanei dagokion kontu bat da. Dena dela, duela sei urte, Euskaltel burtsara atera zenean, izandako bonusen harira esandako gauza bera errepikatu du Jaurlaritzak: "'Ez da Euskadiren eredua'".
Ildo berean, atzo Arantxa Tapia sailburuak egindako adierazpenekin bat egiten duela azpimarratu du, eta pizgarriak "enpresan bertan inbertitu" daitezkeela gogorarazi du.
Jaurlaritzak operazio hori saihesteko ahaleginik egin ez duela leporatu diote oposizioko alderdiek. Horiei erantzunez, Erkorekak esan du telekomunikazioen merkatuari buruzko "ezjakintasun erabatekoa" dagoela.
"Enpresa oso handiak, oso boteretsu eta lehiakorrak ari dira merkatu horretan, eta gero eta esku gutxiagotan dago. Ingurumaria horretan, Euskaltel bezala enpresa txiki batek aurrera egiteko tarte gutxi du. 5Garen teknologiaren enkantean parte hartzeko aukerarik ez balu, adibidez, merkatutik kanpo geratuko litzateke ziurrena", azaldu du.