KONTSUMOA
Oinarrizko zerbitzuetako bezeroaren arretarako telefonoak doakoa izan behar du
EITB MEDIA
Era berean, Kontsumobidek azaldu du gainerako zerbitzuetan arretarako telefono-zerbitzuak ezin diola eragin kontsumitzaileari dei estandar batek baino kostu handiagoa.
Kontsumoko Euskal Institutuak gogorarazi du bezeroaren arretarako telefonoak, oinarrizko zerbitzuen kasuan, doakoa izan behar duela (900) eta ezin dela inoiz tarifikazio berezikoa izan (902).
Duela gutxi, Kontsumobidek errekerimenduak bidali dizkie hainbat konpainiari, araudia bete dezaten. Errekerimendu horiek ofizioz edo kontsumitzaileen eskubideak defendatzeko elkarteek egindako salaketen ondorioz bideratu dira.
37/2020 errege dekretuak, kontsumitzaileen arretarako doako telefonoa izan behar duten honako oinarrizko zerbitzu hauek ezartzen ditu: uraren, gasaren, eta elektrizitatearen hornidura; finantza-zerbitzuak eta aseguruak; posta arlokoak; aireko, trenbideko eta errepideko garraioa; osasunaren babesa; saneamendua eta hondakinak, bai eta "legez ezartzen direnak" ere, horien artean telefonia-zerbitzuak daudelarik.
Gainerako zerbitzuetan, bezeroaren arretarako telefono-zerbitzuak ezin izango dio kontsumitzaileari "telefono-linea geografiko finko edo mugikor estandar batera egindako dei batek baino kostu handiagoa ekarri". Hala ere, enpresek tarifikazio bereziko zenbaki bat aukeratzen badute (kasu honetan baimenduta dago), baldintza berdinetan eskaini beharko dute kostu gehigarririk gabeko zenbaki bat.
Era berean, gogoratu dute bezeroaren arretarako zerbitzuak "era guztietako merkataritza-komunikazioko jarduerak egin eta hedatzeko" erabiltzea debekatuta dagoela eta bezeroarentzako telefono bidezko arreta-zerbitzuek zuzeneko arreta pertsonala bermatu behar dutela.
Kasu guztietan ziurtatu behar da kontsumitzaileak bere kexa eta erreklamazioen berri duela, "identifikazio-gako bat eta idatzizko egiaztagiri bat emanez, paperean edo beste edozein euskarri iraunkorretan".