Itxi

TOLEDOKO ITUNA

Euskal sindikatuek arbuiatu egin dituzte pentsio-sistema aldatzeko proposamenak

O. P. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

ELAren ustez, murrizketak trukerako txanponak dira Europako funtsak lortzeko. LABen ustez, "zentzugabekeria" da erretiroa atzeratzeagatik pizgarriak ematea, gazteen langabezia gorantz doanean.

Pentsionisten manifestazioa. Foto: EFE

ELA eta LAB sindikatuek arbiuiatu egin dituzte atzo Jose Luis Escriva Espainiako Gobernuko Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak azaldutako pentsio aldaketak.

ELArentzat, aldaketa horiek "murrizketak" dira finean, eta Europar Batasuneko berreraikitze-funtsak lortzeko "trukerako txanpon" direla uste du. Mitxel Lakuntza buru duen sindikatuak baieztatu duenez, funts horiek eskubide sozialak eta lan-arlokoak eta aurrekontuak murriztearen menpe" daude, eta, beraz, "errefusatu" egin behar dira.

Toledoko Itunak pentsioak hiru bidetatik "murriztea" proposatzen duela ohartarazi dute: "Erretiro aurreratua okertzea, pentsioa kalkulatzeko urte kopurua handitzea eta jasangarritasun-faktorea mantentzea, beste izen baten pean, pentsioak murrizteko mekanismo iraunkorra" izan dadin.

Horregatik alderdi politikoei eskatu die, "ezkerreko indarrei bereziki", Escrivak egindako proposamenaren aurka bozkatzeko konpromisoa har dezaten.

Sindikatuak 1.080 euroko pentsio minimoa eskatu du berriro, baita bere egunean Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Mariano Rajoy buru zituzten gobernuek hartutako pentsioen erreformak indargabetzea ere, pentsio berrien zenbatekoari, erretiroaren atzerapenari edo pentsioen eguneratzeari buruzkoak.

Garbiñe Aranburu idazkari duen LAB sindikatuak, bestalde, adierazi du ministroak erretiro-adina atzeratzeagatik ordainsariak emateko proposamena "zentzugabekeria" dela, eta gazteak lan-merkatuan sartzea zailduko duela iritzi dio; izan ere, gora doa gazteen langabezia-tasa.

LABek "erretiro duina izateko eskubidea" eskatu du, eta erretiro-adina atzeratzeko pizgarri ekonomikoak proposatzea baztertu du. Era berean, "Euskal Herrian pentsio-sistema propio bat izatea aldarrikatu du. Horretarako, "eta sistemak finantzaketa duina izan dezan, lanpostu eta soldata duinak beharko lirateke, baita erreforma fiskala ere". Gainera, "soldata altuenen kotizazio-mugak ere igo beharko lirateke", gaineratu du.

LAB sindikatuak pentsiodunen mugimenduaren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du, "Toledoko Itunaren gomendioei eta Madrildik datozen erreformei aurre egiteko".

Albisteak (1)