Itxi

ENPRESAK

CAFek trenak egiteko kontratuak lortu ditu Frantzian eta Suedian

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Parisen aldiriko trenen linearako proiektua egiteko kontratua otsailean lortu zuen, baina Almston konpainiak hainbat oztopo jarri ditu orain arte. CAFek 1.000 milioi euro inguru eskuratuko ditu.

CAF. Artxiboko argazkia: EITB

AB Transitio enpresa suediarrak CAFi esleitu dio eskualdeko trenen hornidura, 250 milioi euro baino gehiagoren truke, 2014an enpresa publikoak eskualdeko trenak erosteko sinatutako akordioa oinarri hartuta.

Oinarrizko kontratuaren arabera, lau bagoiko 20 tren elektriko eta hiru bagoi eta lokomotora izango dituzten 8 biodiesel-elektriko egingo dituzte. Gainera, 19 tren elektriko eta 7 biodiesel-elektriko gehiago egiteko aukera aurreikusten ditu.

Kontratua 250 milioi eurotik gorakoa da, eta ia bikoiztu egingo litzateke, kontratuak barne hartzen dituen ibilgailu gehigarrien aukera guztiak erabiliz gero. Lehen unitateak 2023. urtearen amaieran ematea aurreikusten da.

Beasaingo enpresak bezero horrentzat egingo dituen trenak Civity Nordic plataformakoak dira, eta muturreko baldintza klimatikoetan (-40 ºC eta +40 ºC artean) eman dezakete zerbitzua. Suediako lau eskualdetan erabiliko dituzte: Jönköping County, Kalmar County, Kronoberg eta Blekinge.

Hasiera batean, tren berriak Krösat'gen eta Kustpilen lineetan ibiliko dira. Azken honetan linea elektrifikatzeko plan bat dago; horregattik BMU trakzio-mota bikoitza duten trenak erosteko erabakia. AB Transitio izango da kontratua sinatuko duen erakundea eta trenen jabea, eta 'leasing' bat egingo du aipatutako Suediako lau eskualdeetan.

Unitate horiek bi helburu nagusirekin eskuratu dituzte: datozen urteetan linea horien zerbitzuak zabaltzea eta gaur egun dagoen flota (EMUak eta DMUak) ordeztea, premia gero eta handiagoei aurre egin ahal izateko, zerbitzuaren kalitatea eta trenbide bidezko garraio publikoaren ingurumen-inpaktua hobetuz biodieselaren erabilerari esker, erregai hori % 100 berriztagarria baita.

146 tren Parisera

Bestalde, CAFek Pariserako 146 tren eraikiko dituela baieztatu dute, Almston konpainia frantziarrak ezarritako blokeoa amaitu eta gero.

Kontratu hori otsailean lortu zuten CAFek eta Bombardien enpresa kanadarrak. Alabaina, Bombardierrek Almston bereganatu zuenean, enpresa frantziarra proiektutik erretiratu zen. Parisko garraioaren kudeatzaileak (RATP) eta Frantziako operadore publikoak (SNCF) gaizki hartu zuten erabaki hori.  

Harrezkero, Almstonek hainbat bilera egin ditu bi erakunde publikoekin, kontratuaren xehetasunak ezagutzeko eta zalantza guztiak argitzeko, eta azkenean egitasmoarekin aurrera jarraitzea erabaki du.

Atzerapen horrek ez du eraginik izan kontratuan eta baldintzak urtarrilean iragarritakoak berberak dira: 2.560 milioi euro ordainduko dituzte tren berriengatik eta CAFi % 40a dagokio, 1.000 milioi euro inguru.

RATP eta SNCF sozietate publikoek azpimarratu dute proiektu oso garrantzitsua dela, tren berriak zirkulazio gehien duen Europako bigarren linea berritzeko erabiliko dituztelako. Linea horrek, besteak beste, Parisko bi aireportuak (Charles de Gaulle eta Orly) lotzen ditu.  

CAFek ere egitasmoaren garrantzia nabarmendu du, Paris Europako garraio gunerik handiena dela iritzita. Horrez gain, Frantzian azken urteotan hainbat kontratu lortu dituela gogoratu du, azkenekoa 2019an.

 

Albisteak (2)