Itxi

LAN GATAZKA

Grebaren jarraipen zabalena, Hezkuntzan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Sindikatuek jakinarazi dute % 55ekoa izan dela sektore horretan, baina Osakidetzan oso baxua izan dela zerbitzu minimo handien ondorioz. Jaurlaritzak % 29ra jaitsi du Hezkuntzako jarraipena.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EAEko sektore publikoan deitutako grebaren jarraipena desberdina izan da sektorearen arabera, Hezkuntzan nabarmena izan baita, baina Osasunean adibidez, oso eskasa (zerbitzu minimo handiak medio). Sindikatuek "Europako" behin behinekotasun "tasa altuena" amaitzeko eskatu diote Iñigo Urkullu lehendakariari.

ELAk, LABek, CC. OO.k, Satsek, Steilasek eta ESK-k greba eguna deitu dute gaur EAEko sektore publiko osoan behin behineko lanpostuen egonkortasuna eskatzeko. UGTk eta Interinoak Taldeak ez dute bat egin gaurko deialdiarekin.

Lanuztearen jarraipena desberdina izan da sektoreka. Sindikatuen arabera, % 55ekoa izan da Hezkuntzan, eta langileen herenak bat egin du Justizian, baina Osakidetzan oso baxua izan da, zerbitzu minimoak oso handiak izan direlako. Garraio publikoan ere eragina izan du, eta EITBn soilik informatiboetan egin dute lan.

Langileen ordezkariek azpimarratu dute grebaren eragina oso zabala izan dela behin behinekotasun tasa handienak dituzten sektoreetan.

Eusko Jaurlaritzaren datuek baieztatu egiten dute jarraipen zabalena Hezkuntzan egon dela, nahiz eta portzentajea % 29,4ra jaitsi duen.

Gainera, Administrazio orokorrean langileen % 16,4k egin dute lanuztea, eta % 15,5ek Lanbiden. Jaurlaritzaren arabera, Justizian eta Osakidetzan % 2,84koa eta % 2,87koa izan da jarraipena.

Kalean, berriz, erantzuna oso zabala izan da, EAEko hiru hiriburuetan antolatutako manifestazioetan jende andana elkartu baita, 18.000 inguru, deitzaileen arabera.

Bilbokoan, handienean, Igor Eizagirre ELAren Zerbitzu Publikoetako idazkariak esan du gaurko protestarekin erakundeei helarazi behar zaien mezua dela "amaitu egin behar dutela sektore publikoan pribatizazioaren aldeko apustuarekin, eta sektore publikoko behin behineko 60.000 langileen egoera kontsolidatu".

Garbiñe Aranburuk, LABen idazkari nagusiak, "enplegu publiko gehiago eta prekarietatea amaitzea" aldarrikatu du, eta salatu du behin behinekotasunak "emakume aurpegia" duela, % 69 baitira.

Albisteak (2)

Bideoak (2)