Bizkaia
Kexa "ugari" pentsiodunen artean, errenta aitorpenaren eredu berria dela eta
E. G. | EITB MEDIA
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak Aldundiari eskatu dio "berehala konpon dezala justifikaziorik gabeko egoera hau".
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak kexa "ugari" jaso ditu errenta aitorpenaren eredu berria dela eta, eta Foru Aldundiari eskatu dio "berehala konpon dezala justifikaziorik gabeko egoera hau"; izan ere, adinekoei ez ezik, "herritarren sektore zabal bati ere" eragiten dio, euren ustez.
Ohar batean salatu dutenez, errenta aitorpenaren kanpaina hasi zenetik "bistakoa zen kanpainaren baldintzak, moduak eta baliabideak ikusita, pentsiodunentzat eta adineko pertsonentzat ez ezik herritarren sektore zabal batentzat ere oztopoz jositako bidea izango zela".
"Egun batzuk igarota, sortu diren arazoak agerikoak dira, eta haserrea da nagusi. Asko dira bakarrik bizi diren adinekoak, ordenagailua edo Internet ez dutenak, eta dutenei ezinezkoa zaie errenta aitorpenaren zirriborroa konprobatzea edo telematikoki argibideak eskatzea", erantsi dute.
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduaren hitzetan, "seme-alabak dituzten edo Internet menperatzen duten lagunen bat dutenek bakarrik kontsultatu ahalko dituzte euren errenta aitorpenaren xehetasunak, edo eskatu beharreko argibideak eskatu".
"Nolanahi ere, adinekoen portzentaje handi batek ez du horretarako aukerarik", salatu dute. Telefono bidezko arretari dagokionez, pentsiodunek diote "zailtasun handiak" dituela, "deiak blokeatzen direlako, eta arreta eta azalpen denbora mugatua delako".
"Betebehar publikoa izateaz gain, eskubidea ere bada"
"Ugariak dira gure elkartera heltzen ari diren kexa eta haserreak. Ogasunaren gastuak aurrezteko asmoz, aurrez aurreko arreta edo telefono bidezkoa mugatzea ezin da aitzakia moduan hartu aitorpena ez bidaltzeko", nabarmendu dute.
Gogorarazi dutenez, errenta aitortzea betebehar publikoa da. "Betebeharra izateaz gain, eskubidea ere bada jendarteari aitorpena egiteko gauzak erraztea", esan dute.
Hala, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diote "aurrez aurreko edo telefono bidezko arreta zerbitzu eraginkor eta bizkorra jar dezala martxan, horretarako beharrezkoak diren baliabide tekniko eta pertsonalak jarrita".
Era berean, "agente pribatuen mesedetan eta Ogasun Sailaren kaltetan, zerbitzu horien pribatizazio oro" baztertu dute. Azkenik, nabarmendu dute "justifikaziorik gabeko arazo hau berehala konpondu ezean" Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak egoera salatzen jarraituko duela.