Itxi

Zaldibar

Maiatzaren 10ean hasiko dira Beltran aurkitzeko zabortegiaren azken eremua arakatzen

eitb media

Leer en Castellano

Bilaketa lanei ekin aurretik 20 metroko zabor geruza kendu beharko dute. Tapiak berretsi du "sekula ez" dutela bilaketa eten eta "amaiera arte" bilatuko dutela.

Zaldibarko zabortegia. Argazkia: EiTB

Joaquin Beltran aurkitzeko Zaldibarko zabortegian arakatuko duten azken eremua prestatzen hasiko dira datozen egunetan, bilaketa-lanei maiatzaren 10ean ekitea baita asmoa, ETBk jakin ahal izan duenez.

Hala, 20 metroko zabor geruza kentzen hasiko dira eremua arakatzen hasi baino lehenago.

Dena den, teknikariek eta senideek ba omen dakite Joaquin Beltranen gorpuarekin topo egiteko aukerak oso urriak direla.

Arantxa Tapia Ingurugiro sailburuak gaur berriro azpimarratu du "sekula ez" dutela bilaketa eten eta "amaiera arte" bilatuko dutela.

Azken esfortzuak garbitokiaren eremuan jarri dituzte, Beltran Alberto Sololuzeri abisatzen saiatu zela uste baitute. Beltran aurkitzeko aukera handiak omen zeuden, baina ez zuten helburua lortu eta beste eremu batera bideratuko dituzte lanak.

Ibilbide judizialari dagokionez, Zaldibar auziak bidea egiten jarraitzen du. Durangoko Auzitegiko epailea dagoeneko lekukoen testigantzak jasotzen hasi da, eta gaur Beltranen anaiaren txanda izan da, ezbeharra gertatu zenean bertan baitzegoen, lanean.

Albisteak (3)