Itxi

MAIATZAREN LEHENA

Maiatzaren 1eko mobilizazioak tokikoak izatearen alde egin du Eusko Jaurlaritzak

o.p. | eitb media

Leer en Castellano

Manifestatzea "oinarrizko eskubidea" dela aitortu du Zupiriak, eta "logikoena" nork bere herrian egitea litzatekeela uste du. LABek eta CCOOk ez dute mugikortasun mugarik onartuko.

Balkoi bat, 2020ko maiatzaren lehenean. Argazkia: Artxiboa.

Datorren larunbatean, Maiatzaren Leheneko manifestazioetan parte hartu nahi dutenei euren herrietan egin dezaten eskatu die Eusko Jaurlaritzak.

Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak gogorarazi du une honetan 79 udalerri (horien artean, hiru hiriburuak) perimetralki itxita daudela Euskadin, covid-19 intzidentzia altua dutelako.

Halere, ukatu egin du Eusko Jaurlaritzak ukatu egingo duenik manifestazioetan parte hartzeko eskubidea; "oinarrizko eskubidea" da hori eta ziurtatu du Exekutiboak ez duela "haren kontra egiteko ez borondate politikorik ez eskumenik".

Gogorarazi du martxoaren 8koaren "tankerako egoera" dela; orduan, mobiliziazio feministak tokikoak izan ziren mugikortasun muga horien ondorioz. Zupiriak esan du, "logikoena" beraz, larunbat honetan Langileen Nazioarteko Eguneko manifestazioetan parte hartu nahi dutenek "nork bere herrian egitea" dela.

Bozeramaileak esan du, dena den, martxa hauen inguruko azken hitza epaileek izango dutela, ELA eta CCOO sindikatuek aurkeztutako helegiteen ondotik.

Sindikatuen gaitzespena

LABek arbuiatu egin du Ertzaintzak Maiatzaren Leheneko manifestazioetan itxitura perimetralak bermatzeko egindako eskaera. LABek ohar batean gogorarazi duenez, jarduera sindikala joan-etorriak egiteko salbuespenetako bat da, eta sindikatuen betebeharra mobilizazio horien osasun- eta segurtasun- baldintzak bermatzera mugatzen da.

Sindikatuak azpimarratu du, aurten, hain justu, "langileen parte-hartzea errazteko eta joan-etorriak eta pilaketak murrizteko", mobilizazioak deszentralizatu dituela, eta 27 ekitaldi antolatu dituela EAEn eta Nafarroan.

Bestetik, CCOO Euskadi sindikatuak salatu du maiatzaren 1ean mugikortasuna mugatzearekin "langileen ahotsa isildu" nahi dela. Loli Garcia sindikatuko idazkari nagusiak adierazi duenez, neurriak "ez du inolako justifikaziorik, ez osasun aldetik ezta logikarenetik ere". Halaber, gogorarazi du joan den ostiralean CCOO Euskadik helegitea aurkeztu zuela Eusko Jaurlaritzaren eta Segurtasun Sailaren aurka EAEko Auzitegi Nagusian, maiatzaren 1ean UGT Euskadirekin batera egingo dituen manifestazioetan mugikortasuna mugatzeko erabakiaren aurka.

Garciaren esanetan, maiatzaren 1eko manifestazioak "normaltasun osoz" egin daitezen "borroka" egingo dute, koronabirusaren aurrean "beharrezko segurtasun neurri guztiak" hartuta.

Albisteak (2)