lan gatazka
Hego Euskal Herriko H&Mko langileek greba mugagabea hasi dute
o.p. | eitb media
Suediako moda katearen lan erregulazioko espedienteak EAEko eta Nafarroako 52 langileri eragiten die. Lanaldiak murriztu eta lana banatzea eta azpikontratak saihesteko neurriak eskatu dituzte.
H&M moda kate suediarrak Hego Euskal Herrian dituen dendetako langileek greba mugagabea hasi dute gaur, 52 langileri eragiten dien lan erregulazioko espedientea salatzeko: 30 Bizkaian, 18 Gipuzkoan, 4 Araban eta 4 Nafarroan. Grebak "jarraipen zabala" izan du lehen egunean, ELA sindikatuaren arabera.
Greba honekin ELAk eta langileek lanaldiak murriztu eta enpresan dagoen lana banatzeko eskatzen dute. Gainera, sortuko diren lanpostu mota berriak (bezeroari arreta, biltegia, logistika eta banaketa) ez azpikontratatzeko neurriak ere eskatu dituzte, deslokalizazioa saihestu eta are baldintza kaxkarragoetan lan egin beharrik izan ez dezaten langile horiek.
Era berean, sindikatuak salatu du espedientearen eraginpean leudeken langileetako asko seme-alabak zaintzeagatik lanaldia murriztuta duten emakumeak direla; "aberrazioa" da, esan dute sindikatutik.
ELAk emandako informazioaren arabera, H&Mk ia 22.000 milioi euro fakturatu zituen 2019an, eta 1270 milioiko irabazia deklaratu zituen.
ELAk bere eremuan bultzatu baditu ere grebak, joan den apirilaren 24ko, 29ko eta 30eko lanuzteak eta gaur hasitako greba mugagabea, lan erregulazio espedienteak Espainia osoan du eragina, eta guztira mila kaleratze baino gehiago aurreikusten ditu.