renove plana
Ibilgailuen Renove Planaren laguntzak dagoeneko eskatu ahal dira
eitb media
Eusko Jaurlaritzak 3.000 eurorainoko dirulaguntzak emango ditu ibilgailuak erosteko. Aurreikuspenen arabera, 10 urtetik gorako 2.500 ibilgailu ordezkatuko dituzte.
Eusko Jaurlaritzaren Ibilgailuen Renove Planaren oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, gaurtik aurrera 10 urtetik gorako ibilgailuak ordezkatzeko dirulaguntzak eskatu ahalko dira. Aurreikuspenen arabera, 2.500 ibilgailu ordezkatzeko aukera emango du plan berriak. Horrek 950 tep aurreztuko ditu urteko, errepideetatik 1.500 ibilgailu kentzearen baliokide den energia-aurreztea.
Ibilgailuen Renove Planaren edizio berriak 3.000 eurorainoko dirulaguntzak emango ditu 10 urtetik gorako ibilgailuak eraginkortasun energetiko handiko beste batzuekin ordezkatzeko, gasolina, gasolioa zein bestelako energia batzuk erabiltzen dituztenak. Guztira, 5 milioi eurotik gorako aurrekontua aurreikusi dute.
Aurreko edizioarekin bat etorrita, plan berriak 3.000 eurorainoko laguntza eskainiko du, eraginkortasun handiko ibilgailu berri bat erosteagatik eta ordezkatzen duen ibilgailua txatarrerako uzteagatik. 10 urtetik gorako antzinatasuna izan beharko du azken horrek partikularren kasuan, eta 7 urtetik gorakoa, enpresa eta autonomoen kasuan.
Ildo beretik, eraginkortasun energetikoko erosketaren garrantzia azpimarratuko dute. Hori dela eta, dirulaguntza jasoko duten bakarrak izango dira A kategoria energetikoko ibilgailuak, gas naturala, petrolio gas likidotua (PGL) edo hidrogenoa erabiltzen dutenak, edota elektrikoak.
Ibilgailuen Renove Planaren edizio berriak behin betiko ordezkatu nahi ditu gaur egun euskal errepideetatik dabiltzan ibilgailu zaharrenak. Mugikortasun elektrikoaren alde egiteko MOVES programa bultzatzeaz gainera, laguntza berri horien asmoa da "mugikortasuna eraldatzea, gero eta baldintza eraginkor eta iraunkorragoetarantz".
Euskal Estrategia Energetikoak 2050erako ezarrita dituen helburuekin (karbono gutxiko eta petroliorik gabeko eredua) bat etorrita, ohiko energiak darabiltzaten ibilgailuen eraginkortasuna sustatuko dute, bestelako energiak erabiltzen dituzten mugikortasun eredu berriak bultzatzeko.