Jaurlaritza
Diru-sarrerak bermatzeko errenta berriak pentsiodunei eta familiei lagunduko die
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Zirriborroari alegazioak aurkezteko epea zabalduko da, eta Jaurlaritzak Legebiltzarrera bidaliko du azken lauhilekoan. Gauzak ondo bidean, legea datorren urteko udazkenean sartuko da indarrean.
Diru-sarrerak bermatzeko errentaren erreformak hobetu egingo ditu pentsiodunentzako, guraso bakarreko familientzako eta adingabeak ardurapean dituzten familientzako laguntzak, eta horiek jasotzen dituzten pertsonen lan-aktibazioa bultzatuko du.
Idoia Mendia lehendakariordeak zuzentzen duen Lan eta Enplegu Sailak amaitu du Lanbidek kudeatzen duen Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema arautuko duen lege berriaren zirriborroa. Gaur egun, 55.000 pertsonak kobratzen dute diru-sarrerak bermatzeko errenta Euskadin.
Laguntza horien berritasun nagusia da pentsiodunei, guraso bakarreko familiei eta adingabeak ardurapean dituzten familiei mesede egitea. Gaur egun, 706 eurokoa da kide bakarreko familientzako laguntza, 907 eurokoa bi kidekoentzat eta 1.003koa hiru kidekoentzat.
Pentsiodun baten kasuan (DSBEa jasotzen duten pertsona asko pentsio urriko pertsonak dira, alargunak, eta diru-sarrerak bermatzeko errentak diru-sarrerak osatzen dizkie), gehieneko zenbatekoa hileko 810 eurotik 893 eurora igoko da.
Era berean, pertsonaren bat ardurapean duten familiek (adingabeak, oro har) osagarri bat jasoko dute: % 50ekoa izango da laguntzaren titularrarentzat (familiako aita edo amarentzat) eta % 30ekoa seme-alaba bakoitzarentzat.
Bakarrik dauden pertsonentzako edo helduentzako laguntzak antzekoak izango dira. Legea indarrean jartzen denean, berriz, urte eta erdi barru, gutxi gorabehera, etxebizitzagatiko prestazio osagarria desagertu egingo da.
Inklusioa
Lan egiteko adinean dauden eta diru-sarrerak bermatzen dituen errenta jasotzen duten pertsonek enplegu bat eskuratu ahal izateko, Lanbidek gutxienez enplegu-eskaintza edo prestakuntza-jarduera bat eskaini beharko die onuradunei.
Hori bai, lan-eskaintza bat onartzen ez bada, ondorioak oraingoak baino gogorragoak izango dira; izan ere, uko egiten bazaio, laguntza galduko da.
Enplegu-pizgarrien osagarriei dagokienez (lanaldi erdiak egiten dituzten pertsonek jasotzen dituztenak), adibidez, orain arte bi urtera mugatutakoak, mugagabe bihurtuko dira.
Bestalde, lan batean sartzeko baldintza nagusiari eusten zaio, hau da, hiru urtez erroldatuta egotea. Halere, berritasun bat dago adingabeak dituzten familiei diru-sarrerak bermatzeko errenta eskuratzeko aukera errazteko; izan ere, hiru urtetik bi urtera jaisten da baldintza hori. Era berean, ezabatu egingo da erroldatze-baldintza terrorismoaren biktimentzat eta kanpoan dauden euskaldunentzat.
Lanbiden dauden oztopoak gainditzeko, izapideak sinplifikatu egingo dira. Hala, laguntza eskatzen dutenei erantzukizunpeko adierazpena ezarriko zaie, eta laguntza eskaera egin eta hurrengo hilabetean jasoko da. Epeak, beraz, aurreratu egingo dira.
Gainera, izapidetze elektronikoaren alde egin dute, nahiz eta Lanbidek beti eskainiko duen aurrez aurreko arreta.
Orain, zirriborro horri alegazioak aurkezteko epea zabalduko da, eta Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera bidaliko du aurtengo azken lauhilekoan. Gauzak ondo bidean, legea datorren urteko udazkenean sartuko da indarrean.