FITUR 2021
Turismoa pixkanaka suspertuko dela uste du Euskadik
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Hurtadok kalitatezko bidaiariak bilatzearen eta egonaldiak luzatzearen alde egin du, etortzen den jendea denbora gehiago egon dadin eta egonaldi luzeagoa egin dezan.
Javier Hurtado Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuaren ustez, turismoaren sektorea "pixkanaka" suspertuko da. Halaber, bidaiarien kopurua handitu baino, kalitatezko bidaiariak bilatu nahi ditu, turismoa urte sasoi ezberdinetan banatu eta egonaldiak luzatu, "etortzen den jendea denbora gehiago egon dadin eta egonaldi luzeagoa egin dezan".
Asteazken honetan inauguratu dute Euskadiren erakustokia Fiturren, eta Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean, Hurtadok, jendearen eta, batez ere, turismoaren sektorean lan egiten dutenen grina eta gogoa azpimarratu nahi izan ditu, azken horiek "oso urte zaila" bizi izan baitute.
Hori dela eta, Fitur "inflexio puntu bat" dela esan du, "segurtasun-neurri zorrotzekin" egiten ari dena. Oro har, baikortasun giroa dagoela namarmendu du sailburuak, batez ere txertaketa-prozesuak eraginda. Hala ere, "zuhurtzia" eskatu du, eta eguneroko datuak begiratzen eta zentzuz jokatzen jarraitzeko deia egin du.
"Une ona bizi dugu, eta Euskadik laguntza berezia eman nahi die turismo-sektoreko enpresei eta profesionalei, hori baita orain behar dutena", gaineratu du.
Sailburuaren hitzetan, turismoak % 70eko beherakada izan du EAEn, covid-19ari aurre egiteko hartu behar izan diren segurtasun-neurriak direla eta, eta horrek "asko zaildu du" egoera; izan ere, adibidez, "gida turistikoek ia ez dute lanik egin edo bidaia-agentziek erreserbetatik dirua itzuli behar izan diete bezeroei".
Horren aurrean, eta egoera hori arintzeko asmoz, Hurtadok gogoratu du Jaurlaritzak sektore turistikoari eusteko plan bat jarri zuela abian, 18 milioi euroko laguntza zuzenekin.
Era berean, turismoaren sektoreari "sustapenari eusteko" eskaria egin diola azaldu du, eta hain justu Fiturren hori egiten ari dela, hau da, Euskadi "helmuga seguru, askotariko eta iraunkor" gisa sustatzen.
Euskadik duen eskaintza zabala eta gastronomia bikaina jarri ditu ardatz, baina "natura-turismoaren helmuga" irudia indartzen ari direla ere azaldu du; izan ere, adituen arabera, hori da "pandemiaren ostean bidaia berriei aurre egiteko motibazio nagusietako bat".
Osasun-pasaportea
Osasun-pasaportearen inguruan galdetuta, Hurtadok azaldu du Europako ziurtagiri digitalaren proposamena dela martxan dagoena, eta datozen egunetan horren inguruko "berri onak" izatea espero dutela. "Horixe uste dugu dela turismoa suspertzen lagunduko duen neurrietako bat; dena dela, aurretik genituen kopuruetara itzultzeak luze joko du eta pixkanaka joan beharko dugu".
Horrela, une honetan bere sailaren helburua turismo "nazionala" dela esan du, "Portugal, Alemania eta Frantzia bezalako hurbileko herrialdeetakoa". "Euskadin BPGaren % 6,4 ordezkatzen duen eta 100.000 langileri baino gehiagori eragiten dien sektore batentzat hain beharrezkoa den nazioarteko mugikortasuna suspertzen joan beharko dugu pixkanaka", ziurtatu du.