Itxi

SEKTORE PUBLIKOA

Sindikatuek sektore publikoko behin-behineko lanpostuak egonkortzea eskatu dute

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Leer en Castellano

ELA, LAB, CCOO, Satse, Steilas eta ESK sindikatuek zerbitzu publikoak indartzea, enplegu publikoa sortzea eta 60.000 langile baino gehiagoren enplegua egonkortzea eskatu dute.

Sindikatuek sektore publikoko behin-behineko lanpostuak egonkortzea eskatu dute. @ELAsindikatua

ELA, LAB, CCOO, Satse, Steilas eta ESK sindikatuek hiru eskari nagusi egin dituzte astearte honetan Gasteizen egindako mobilizazioan: enplegu publiko gehiago sortzea, behin-behineko 60.000 langile publiko baino gehiagoren lanpostua egonkortzea eta zerbitzu publikoak indartzea.

Sindikatuek manifestazioa egin dute Gasteizko kaleetan, "sektore publikoko behin-behinekotasun tasa handiei" eta zerbitzu publikoen pribatizazioari "amaiera jartzeko.

Halaber, Eusko Jaurlaritzarekin, Eudelekin eta alderdi politikoekin bilerak egitea galdegin dute, "haien esku" dagoelako zerbitzu publikoak indartzea, enplegu publikoa sortzea eta enplegua sendotzea.

Sindikatuek salatu dutenez, apirilaren 22ko grebaren ostean, Eusko Jaurlaritzak, erakundeek eta alderdi politikoek ez diete erantzunik eman sindikatuek eta lanuztearekin bat egin zuten sektore publikoko "milaka langilek" egindako eskaerei.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak lanpostu horiek "egonkortzeko" benetako pausorik eman gabe eta pribatizazioaren aldeko apustua egiten jarraitzen duela deitoratu dute. Era berean, borondate falta leporatu diote Urkullu buru duen gobernuari.

Albisteak (2)