Itxi

ELKARRIZKETA

Oraindik Corrugados berriro irekitzeko "aukera" badagoela esan du Tapiak

EITB MEDIA

Leer en Castellano

"Ez da erakundeen arteko eztabaida, ezta alderdien arteko borroka ere", adierazi du Arantxa Tapia sailburuak. Halaber, baztertu egin du erakargarritasun faltagatik EAEk inbertsioak galtzea.

Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailburua, Radio Euskadin

Azpeitiko Corrugados lantegia berriro irekitzeko balizko aukerak zeresana ematen jarraitzen du. Atzo, Cristian Lay Taldeak ziurtatu zuen proiektu "sendoa" aurkeztu ziela Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Azpeitiko Udalari, zortzi hilabeteko epean Azpeitiko lantegia zabaltzeko. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, ordea, erantzun du "Azpeitiko Udalak ez duela Corrugados irekitzeko proiektu ekonomikorik, ez dagoela jarduera hori abiarazteko administrazio prozedurarik martxan". Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua izan da hitz egiten azkena, eta oraindik ere lantegia martxan jartzeko aukera badagoela esan du.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan, Corrugados auzia izan du hizpide. "Administrazioek informazio gehiago eskatu behar dute eta enpresen kontsultei erantzun", adierazi du Tapiak. "Proaktiboak izan behar dugu, enpresara hurbildu, xehetasunez ezagutu eta irtenbide bat bilatzen saiatu". Ildo horretan, pausoa emateko eta enpresarekin hitz egiteko eskatu dio sailburuak Nagore Alkorta alkateari, "oraindik posible delako". "Corrugados proiektua oraindik ez dago galduta", gaineratu du. Halaber, ukatu egin du erakundeen edo alderdi politikoen arteko eztabaida dela.

"Erakargarriak izaten jarraitzen dugu gaitasun teknologikoagatik, prestatutako pertsonak eta lehen mailako hornitzaileak izateagatik eta arrazoi fiskalengatik". Iberdrolak sustatutako eta azkenean Guadalajaran eraikiko duten elektrolizagailuen lantegiari dagokionez, Arantxa Tapiak azaldu du Cummins enpresak dirulaguntzak baloratu dituela: "I+G arloan laguntzarik onenak ditugu. Enpresa batek bere teknologia Euskadin garatu edo partekatu nahi ez badu, ez da gure eredua". Arantxa Tapiak ez du "porrot" gisa hartu Iberdrolaren erabakia. "Lor dezagun Euskadiko hornitzaileek enpresa horrentzat lan egitea eta zeharka enplegua sortzea", erantsi du.

Bestalde, Tubacexeko gatazka "konplexua" ez ezik, "gaiztotuta" dagoela onartu du Tapiak. Lan-erregulazioko espedientearen harira, "ahalegina eskatu diegu bi aldeei, baina jarrerak oso kontrajarriak dira". Horren esanetan, Eusko Jaurlaritza aldeekin hitz egiten ari da, "aukerarik ba ote dagoen ikusteko".

Albisteak (6)