Koronabirusa
Txertoen patenteak behin-behinean indargabetzea eskatu du Eusko Legebiltzarrak
agentziak | eitb media
Adierazpenean gogorarazi dute Hego Afrikak eta Indiak egindako proposamenak jabetza intelektuala eta ezagutza partekatzea ahalbidetzen duela, eta monopolioak galaraziko lituzkeela.
Eusko Legebiltzarrak covid-19aren aurkako txertoen jabetza intelektualaren eskubideak behin-behinean bertan behera uztea eskatu du, Indiak eta Hego Afrikak Merkataritzaren Mundu Erakundean aurkeztu duten ekimenari jarraiki.
Horixe jaso dute Eusko Legebiltzarrak adostu (EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+Cs-ek), eta Bakartxo Tejeria presidenteak irakurri duen adierazpenean.
Era berean, Europako Batzordeari patenteak indargabetzearen alde egitea eta farmazia enpresei datuak eta ezagutza partekatzea eskatzen zaie. Espainiako Gobernuari ere galdegin diote lan egin dezala txertoen zabalkundea galarazten duten oztopoak kentzen.
Adierazpenean gogorarazi dute Hego Afrikaren eta Indiaren proposamenarekin monopoliorik ez zela izango, eta covid-19aren aurkako txertoak mundu mailan zabaltzen lagunduko lukeela.
"Guztion nahia da elkarlanean aritzea txertaketa ahal den azkarren irits dadin herritar guztiengana eta mundu osora; eta horretarako, premiazkoa da lankidetza eta oztopoak kentzea", gaineratu dute.