Enplegua
Aldi baterako lan-erregulazioak irailaren 30era arte luzatu ditu Espainiako Gobernuak
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Horrez gain, autonomoei zuzendutako laguntzak luzatu eta kulturako langileak babesteko neurriak onartu dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aldi baterako lan-erregulazioak irailaren 30era arte luzatzeko Errege Dekretu-legea onartu du arratsalde honetan Espainiako Gobernuak ezohiko bilera batean. Beharginak lanera bueltatzea sarituko dute, eta lan-erregulazioan jarraitzea ezinbestekoa denean, enpresek ordaindu beharreko kotizazioak murriztuko dituzte.
Horrez gain, autonomoei zuzendutako laguntzak luzatuko dituzte, eta jarduera etenda duten bitartean zerga-salbuespenak izango dituzte.
Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak azpimarratu du Espainiako Gobernuak "ahalegin ekonomiko handia" egin duela babes-neurri hori luzatuta. Aldi baterako lan-erregulazioak eta autonomoentzako laguntzak kontuan hartuta, 19.000 milioi euro bideratu ditu orain arte, eta datozen lau hilabeteetan beste 2.000 milioi jarriko ditu.
Horrez gain, Yolanda Diaz Lan ministroak iragarri du langileei lanaldia egokitzeko aukera aitortzen dien plana indarrean mantentzea eta kulturaren sektoreko beharginei zuzendutako laguntzak bideratzea onartu dutela gaurko ezohiko bileran.
Orain arteko neurri asko bere horretan mantenduko dituzte: kaleratzeak debekatuta egongo dira eta aldi baterako kontratuetan ez da etenaldirik izango. Halaber, dibidenduen banaketari, ordu estrei eta zerbitzuak kanpora ateratzeari lotutako baldintzak berdinak izango dira.
Alabaina, Gizarte Segurantzari enpresek egin beharreko ordainketak arinduko dituzte eta laguntzak handiagoak izango dira berriro hartutako langile bakoitzeko, lan-erregulazioan mantentzen denean baino, Gizarte Segurantzaren eta Lan ministerioek zabaldutako oharraren arabera.
Horrela, bada, langileak beren jarduerara bueltatzen direnean, kuotaren % 95 ordaintzetik libratuko dira 50 behargin baino gutxiagoko enpresak ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean; eta murrizketa hori % 85ekoa izango da konpainia handien kasuan.
Langileak lan-erregulazioan mantenduz gero, Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotan egingo zaien murrizketa % 85ekoa izango da enpresa txikietan (50 langiletik behera) eta % 75ekoa enpresa handietan (50etik gorakoak). Irailean murrizketa hori % 60koa izango litzateke.