Lan-gatazkak
Kaleratzeen eta "prekarietatearen" aurkako aldarriak Bilboko kaleak hartu ditu
Eriz Lotina | EiTB Media
Tubacex, Petronor, UTE Bilboko Argiak, PCB, Novaltia eta H&M enpresetako langileek manifestazioa egin dute Bilbon.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Tubacex, Petronor, UTE Bilboko Argiak eta PCBko enpresa batzordeek mobilizazioa egin dute Bilbon, "Lau enpresa, borroka bat" lelopean. "Prekarietatearen" kontrako mobilizazioa izan da, eta manifestazioan bertan H&M-eko langileak ere batu dira, LAB sindikatuak agiri batean azaldu duenez.
Horrela, ELAk zehaztu duenez, borrokan ari diren hainbat enpresatako langileek –Tubacex, Petronor, UTE Bilboko Argiak, PCB, Novaltia eta H&M– manifestazioa egin dute Bilbon, "prekarietatearen aurka eta lan-baldintza duinen alde".
"Lan-gatazka ezberdinak dira, bakoitza bere berezitasunarekin, baina badute elementu komun bat: lan-eskubideen defentsa multinazional handien aurrean, pandemiaren ondoriozko egoera ahalik eta etekin gehien ateratzeko erabiltzen baitute", salatu du ELAk.
"Egoera hori posible da egungo lan-legediaren ondorioz, Zapateroren eta Rajoyren lan-erreformak indarrean baitaude", sindikatu abertzaleak erantsi duenez.
Hasiera batean, lau zutabe Guggenheim Museotik, Kale Nagusitik eta Azkuna Zentrotik abiatu dira, Moyua plazan elkartzeko. Bertan Novaltiako eta H&Mko beharginek protestarekin bat egin dute.
"Inor ez dago soberan" zioen pankarta batean atzean, sirena eta petardo hotsen artean Eusko Jaurlaritzaren egoitzara arte bidea egin dute manifestariek. Enpresa-batzorde bakoitzak agiri propioa irakurri du bertan.
Kaleratzeen eta prekarizazioaren aurkako aldarriak Bilboko kaleak hartu ditu
— LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) May 28, 2021
Tubacex, Petronor, UTE Bilboko Argiak eta PCBko enpresa batzordeek mobilizazioa egin dute Bilbon, #4EnpresaBorroka1 leloarekin
¿¿¿https://t.co/VMmNSlFOMT pic.twitter.com/HSBbH7Rqjf
Industria eta Eraikuntza federazioko arduradun Mikel Etxebarriak azpimarratu duenez, "enpresa horiek langile klaseari babesa emateari eta lan erreformak indargabetzeari uko egiten dion klase politikoaren laguntza dute".
"Gainera, ez dezagun ahaztu negozioa pertsonen aurretik jartzen duten politikak sustatzen direla, eta ez dutela enpleguen kalitatea gizarte osasuntsua ehuntzen duen sarearen parte gisa baloratzen", nabarmendu du.
Etxebarriaren hitzetan, "guk langileen borroka eta klase-duintasuna ditugu tresna gisa. Bide bakarra dago justifikatu gabeko kaleratzeei aurre egiteko, langileen borroka, eta hori bidezkoa denean elkartasuna sortzen du".
Aldez aurretik, Jon Ayala PCBren enpresa-batzordeko kideak "langile guztien" batasuna azpimarratu du, "Eusko Jaurlaritzari, erakundeei eta alderdi politikoei langileria oso bizirik" dagoela demostratzeko.
PCBko langileek ohartarazi dutenez, "ITPk bere mozkinengatik zergen % 4,6 soilik ordaindu ditu, Jaurlaritzaren diru-laguntza handiak jaso dituen bitartean".
"Gure lankideak kalean ditugu, lanera itzultzeko zain… gure lankideen lanerako eskubidea non dago Tapia andereñoa?", galdetu dio Ekonomia Garapenerako sailburuari, EAEko Auzitegi Nagusiak PCBren erregulazio txostena baliogabe utzi eta 87 behargin kaleratuak berriz onartzeko erabaki ondoren.
Bestalde, Petronorreko langileek salatu dutenez, patronal handiek "bizitzak prekarizatzen jarraitu nahi dute, etekinak areagotzeko"; horrela krisia aprobetxatu nahi dute "denak berdin jarraitzeko". Muskizeko lantegian zortzi hilabeteko erregulazioa aplikatzen ari dira.
Tubacexeko enpresa-batzordeak gogorarazi duenez, dagoeneko 107 egun eman dituzte greban, eta zuzendaritzak planteatutako 129 kaleratzeak bertan behera uztea helburu dutela berretsi du.
"Erregulazioa justifikatzeko arrazoiak testuinguruan kokatu behar dira, argi eta garbi, eta Laudioko zein Amurrioko lantegien aldeko apustua demostratzeko industria plana eskatzen diogu zuzendaritzari, enplegua mantentzeko, inbertsioak areagotzeko eta azpikontratazioa murrizteko", aldarrikatu dute.
Azkenik, Bilboko Argiak konpainiako enpresa-batzordeak gogorarazi duenez, 32 egun eman dituzte greban, eta "udal gobernuaren aldetik jaso dugun gauza bakarra mehatxuak, irainak eta axolagabekeria izan dira".
Prekaritatearen kontrako mobilizazioa izan da, eta manifestazioan bertan H&M-eko langileak ere batu dira pic.twitter.com/7StaSXz2VW
— LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) May 28, 2021
¿Manifestazioa #Bilbo -ko @Irekia parean bukatu da Eusko Jaurlaritzari argi eta garbi enpleguaren eta industriaren aldeko inplikazioa exigitzeko.
— Industria Federazioa (@CCOOindustria) May 28, 2021
¿No a los despidos!
¿No sobra nadie! #EsElMomento pic.twitter.com/n4rAoWq6c9